Debabarrenako EH Bilduko ordezkariek presoen aldeko hainbat konpromiso hartu dituzte
Debabarrenako EH Bilduko zinegotzi eta alkateek euskal presoen eskubideen aldeko hainbat konpromiso hartu dituzte eta horien berri emateko agerraldia egin dute gaur (astelehena, hilak 20) Eibarko udaletxean. Agerraldian, Eibarko ordezkariekin batera Deba, Mutriku eta Soraluzeko alkateek hartu dute parte eta, hartutako konpromisoak zeintzuk diren azaldu aurretik, horiek hartzera bultzatu dituen arrazoien berri eman dute. Euren berbetan, "ezinbestekoa da dispertsioaz eta neurri horrek dakartzan eskubide urraketekin berehala amaitzea eta konponbide prozesuari Madrilek eta Parisek ezartzen dioten blokea gainditzea". Urtarrilaren 12an euskal presoen alde inoiz baino jende gehiago batu zuen Bilboko manifestazioan aldarrikatutako Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira goiburuari helduta, honako konpromisoak hartu dituzte:
- Herriko presoen egoeraren inguruko udal dosierra osatzea hilabeteko epean eta sei hilabetean behin berritzea.
- Hasierako dosierra Instituciones Penitenciarias-era, Audientzia Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileari, Justizia Ministeritzetara eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Batzordeari igortzea, bertan jasotzen diren eskubide-urraketak ekiditeko eskatuz.
- Herriko presoekin bisita erronda ofizialari ekitea.
- Herriko presoei udal erabakiak eta udalak argitaratu edo ateratako materialaren ale bana bidaltzea.
- Hilero azken ostiraletan Herrirak deitutako elkarretaratzeetan parte hartzea modu ofizialean.
- Udaleko ordezkari gisa parte hartuko duten ekitaldi guztietan presoen eskubideen defentsa adierazten duen txartela eramatea.
- Preso gaixoak dauden herrietan alkateen taldean parte aktiboa hartzea presoa etxeratu arte.
- Hiru hilabetean behin herriko presoen senideekin bilerak egitea, egoeraren berri zuzena izateko.
- Euskal Herritik kanpo dauden presoei bisitan joateko diru-laguntzak eman ahal izateko araudia onartzea.
- Etxerat eta Herrira elkarteei udal lokalak lagatzea beraien bilerak edo lanak egin ahal izateko.