Debabarrenan 2 milioi euro zertan erabili erabakitzeko bilera irekia egingo da ekainaren 11an

Debabarrenan 2 milioi euro zertan erabili erabakitzeko bilera irekia egingo da ekainaren 11an
2015/06/08 00:00
eta kitto!


Aurrera doa Foru Aldundiaren aurrekontuko 2 milioi euro Debabarrena eskualdean (Deba, Eibar, Elgoibar, Mendaro, Mutriku eta Soraluze) zertan erabili erabakitzeko partaidetza prozesua.

Guztira 75 proposamen jaso dira apirila eta maiatzean zehar, herrietan egin diren bilera irekietan, postontzietan nahiz Internetez.

Proposamen horiek aztertu eta batzuk ale batera utzi dira, bi baldintza nagusiak betetzen ez dituztelako (gaia Foru Aldundiaren eskumenekoa izatea eta eskualde izaera edukitzea, hau da, herri bat baino gehiagotan garatzea). Beste batzuetan proposamenak elkartu egin dira, gai berari buruzkoak zirelako.

Kontuak kontu, 52 proposameneko zerrenda jarriko da mahai gainean hautatzeko. Gai edo arlo hauetan sailkatu dira proposamenak:

·        Berrikuntza eta jakintzaren sustapena
·        Landa garapena, mendiak eta habitatak
·        Turismoa
·        Berdintasuna, parte hartzea, euskara eta garapenerako lankidetza
·        Gizarte politika
·        Ingurumena
·        Kultura, gazteria eta kirola
·        Mugikortasuna eta bide azpiegiturak

Proposamen horietatik 10 aukeratzeko batzar irekia egingo da ekainaren 11an. Batzarrean parte har dezakete Deba, Eibar, Elgoibar, Mendaro, Mutriku eta Soraluzeko herritarrek. Ondoren, Foru Aldundiari hautatutako egitasmoen zerrenda bidaliko zaio, egitasmoen bideragarritasuna aztertzeko.

Eguna: ekainaren 11a, osteguna
Ordua: 18:30
Lekua: Elgoibarko Kultur Etxea (Kalebarren plaza 3)