Debabarreneko EAJ-PNVren alkategaiak aurkeztu zituzten domekan Deban

Debabarreneko EAJ-PNVren alkategaiak aurkeztu zituzten domekan Deban
2023/03/28 13:10
eta kitto!

Domekan Deban egindako ekitaldian Debabarreneko alkategaiak aurkeztu zituen EAJk, Eider Mendoza diputatu nagusi izateko hautagaia buru zutela: Eibarren, Josu Mendikute Rodriguez; Soraluzen, Iker Aldazabal Basauri; Elgoibarren, Maialen Gurrutxaga Uranga; Mendaron, Iñaki Arregi Uria; Mutrikun, Ion Gambra Ibarzabal; eta Deban, Alazne Txurruka Allika.


Haiekin batera izan ziren Maria Eugenia Arrizabalaga Deba-Urolako zerrendaburua eta Irune Berasaluze Lazkano EAJren Gipuzko Buru Batzarraren Idazkaria eta Debabarrena eskualdeko burukidea.

 

"Gizarte politiken abangoardian"

Mendozak, besteak beste, azpimarra jarri zuen gizarte politiketan. "Babes sozialeko sistema indartzen" segi eta, gizartearen zahartzearen aurrean, "sistema jasangarri" egiteko konpromisoa hartu zuen, kalitatezko zaintzaren bermea aldarrikatu zuen eta bide horretan, “Gipuzkoak gizarte politiken abangoardian” segituko duela azpimarratu zuen: “Garai berrietara egokitzeko, eta etorkizuna bermatzeko, gure gizarte politikek etenik gabeko berrikuntza behar dute. Eta hori da Eusko Alderdi Jeltzalea egiten ari dena, adibidez, Gipuzkoako adinekoen egoitzetan”. Plazaratutako datuen arabera, datozen urteetan zortzi egoitza berri eraikiko dituzte, besteak beste.

 

"Herritarrekin elkarlanean"

Horrez aparte, etorkizunera begira, “hurrengo belaunaldien ongizatea” jarri zuen jomugan Mendozak: “Horretarako, gure ardatzei heldu behar diegu, eta biharko egunera begiratu: enpresak bultzatu, ekonomia garatu, herritarrak babestu eta giza eskubide guztiak defendatu”. Debabarrenari dagokionez, berriz, elkarlanaren aldeko mezua nabarmendu zuen. “Orain, guk hartzen dugu lekukoa. Gure belaunaldiari dagokio datozen urteetan Debabarrena, Deba, Mendaro, Eibar, Soraluze, Elgoibar, Mutriku… eta Gipuzkoak norabide argi batekin, herritarrekin elkarlanean, aurrera egiteko bultzatzen jarraitzeko ardura. Hori da hartzen dugun konpromisoa”.

Maria Eugenia Arrizabalagak, berriz, oro har, adierazi zuen EAJ-PNVren “helburu politikoa euskal nazioa eraikitzea” dela eta nabarmendu zuen EAJ-PNVk “asmatu” egin duela erabaki estrategikoetan. “Euskararen aldeko politiketan eta aberrigintzarako erabaki estrategikoetan ere asmatu egin du, izan ere, EAJ-PNVren helburu politikoa euskal nazioa eraikitzea delako”.