Debabarreneko Gazte Asanbladen Topaketak egingo dira urriaren 12an Deban
Mutriku, Eibar, Deba eta Mendaroko gazte asanbladek egitarau zabala antolatu dute zapatu honetan, urriaren 12an, Deban egindo dituzten topaketetarako.
Pare bat hilabete daramatzate Mutriku, Eibar, Deba eta Mendaroko gazte asanbladek elkarrekin egitarau hau antolatzen:"batez ere, gazteon egoeraz hausnartzeko, elkar ezagutzeko, komunitatea eraikitzeko, gure eskualdeko herrietan egin ditzakegun ekarpenetaz eztabaidatzeko, zein tokian tokiko esperientziak elkar-trukatzeko eguna izango da", aurreratu dute.
2024ko ekainaren 28 eta 29an Gazte Langileon Topaketetak antolatu ziren Azpeitian eta Euskal Herri osoko hainbat eta hainbat Gazte Asanblada, Gaztetxe eta herri eta auzo ezberdinetako gazteak elkartu ziren. "Topaketa haietan, beste gazte asanbladen esperientziak eta borrokak entzuteko aukera izan genuen, tailer desberdinetan ere parte hartu genuen eta batez ere, gure gazte asanbladan hausnarketa desberdinei bidea emateko aukera izan genuen", diote.
Gazte asanbladetakoen esanetan, "Debako gazte asanbladak Debabarreneko Gazte Asanbladen Topaketen proposamena luzatu zigunean, ez genuen zalantzarik izan. Garrantzitsua ikusten baitugu, modu autogestionatuan antolatzen garenon artean eta antolakuntzan eta borrokan oinarritzen den kultura oso bat hedatzen saiatzen garenon artean indarrak batzea".