Debabarreneko pentsiodunek zahar-egoitza seguru eta publikoak eskatu dituzte
2023/10/02
18:01
eta kitto!
Atzo (urriak 1) Pertsona Nagusien Nazioarteko eguna izan zela-eta, gaur eguerdian manifestazioa egin da. Eibarko Pentsionisten Taldetik adierazi dutenez, “kalera irten gara berriro, adineko gisa dagozkigun eskubideak eskatzeko. Bizi-baldintza duinak izateko eskubidea dugu, pentsio publiko duinekin, zerbitzu publiko unibertsalekin, eta gure arreta-beharrak beteko dituen zaintza-sistema publikoarekin”. Gogora ekarri dutenez, Euskal Herrian 200.000 pentsiodun baino gehiago 1.080 eurotik beherako pentsioekin bizi dira. Eibarren bezala, beste herri askotan ere mobilizatu da gaur pentsiodunen mugimendua, egoitzetako erabiltzaileen senideen elkarteekin batera, “egoitza gehienetan bizi duten egoera negargarria salatzeko”. Gainera, EAEko eta Nafarroako gobernuei mendekotasuna artatzeko sistema publiko bat garatzea eskatu dute, baita EAEn egoitzen dekretuaren zirriborroa aldatzea ere, “elkarrizketaren eta gizarte-eragileen parte-hartzearen bidez”.