Debabarreneko udalek gurasoentzat sortu dituzten "Euskaratik eleaniztasunera" infografiak aurkeztu dituzte

Debabarreneko udalek gurasoentzat sortu dituzten "Euskaratik eleaniztasunera" infografiak aurkeztu dituzte
2019/09/16 17:00
eta kitto!
Gaur eguerdian aurkeztu dute udaletxean “Euskaratik eleaniztasunera” eta “Desde el euskera al plurilingüismo” infografiak, Debabarreneko udalek ikastetxeekin eta Estilografico enpresarekin elkarlanean sortu dituzten bideo laburrak. Azaldu dutenez, “gurasoek sarri izaten dituzte hizkuntzen irakaskuntza prozesuaren eta erabileraren inguruko zalantzak eta kezkak. Horregatik, Debabarreneko udalok gurasoentzat lagungarri izan daitekeen materiala prestatu dugu, oraingo honetan inforgrafia formatuan”.

Aurkezpen ekitaldian egon den Joseba Palenzuela Mutrikuko alkatearen berbetan, “haurrengan euskeraren erabilera areagotzea da helburua. Kontu hau ez da berria, sarritan heldu diogu gaiari, baina oraingo honetan teknologia berrien eta sare sozialen bidea jorratu beharra zegoela uste genuen eta asmo horrekin sortu ditugu infografiak”.

Bi infografia prestatu dituzte, bata euskeraz eta bestea gaztelaniaz. Azaldu dutenez, “euskerazkoa eta gaztelaniazkoa ez dira erabat berdinak, euskerazkoa euskeraz dakiten gurasoen kezka eta beharrizanei begira prestatu dugu eta gaztelaniazkoa, berriz, euskeraz ez dakitenen beharrei begira. Material hau eskoletan ere erabiltzea nahi genuke, irakasleek gurasoekin egiten dituzten bileretan bereziki, oso lagungarri izan daitekeelako euskerak eleaniztasunerako bidea errazten duela erakusteko”. Bestalde, mezua ahalik eta gehien zabaltzeko, Whatsapperako bertsioak ere prestatu dituzte. Infografiak sortzeko ardura Eibarko Estilografico enpresak izan du eta bertako Iban Martinezen berbetan, “udaletako teknikariek aurretik landutako gomendio, aholku eta bestelako guztiak oinarri modura hartu ditugu eta, hainbat bilera eta gero, gurasoei mezu nagusiak modu arin eta erakargarrian emateko materiala sortzen ahalegindu gara”. Aurkezpen ekitaldian azpimarratu dutenez, ikasturte hasierako bileretan gurasoei erakusteko asmoa daukate eta, horrekin batera, infografiak udalen web orrien bitartez zabaltzen joango dira.

https://youtu.be/oJwRCPOESsU