Debabarrenerako proposamen ekonomikoa lantzen ari da eskualdeko EH Bildu

Debabarrenerako proposamen ekonomikoa lantzen ari da eskualdeko EH Bildu
2022/05/02 10:13
eta kitto!
Debabarrena suspertzeko Legebiltzarrean lantzen ari diren ponentzia baliatu nahi du eskualdeko EH Bilduk "eskualdearen garapenerako beharrezkoak izango diren proiektuak identifikatu eta adosteko". Koalizioak "kezkaz" bizi du "eskualdearen garapen ekonomiko zein soziala" eta jakinarazi du “hilabeteak” daramatzala “lurraldearen garapenerako proiektuak lantzen”. Ildo horretan, atzo, zapatua, eskualdeko EH Bilduko 40 bat kidek lansaio berezia egin zuten, proposamena osatu eta ekarpenak jasotzeko.

 

Urrian Eusko Legebiltzarrean Debabarrena suspertzeko martxan jarritako ponentzia baliatu nahi du eskualdeko EH Bilduk, uste baitu berau dela "eskualdearen garapenerako beharrezkoak izango diren proiektuak identifikatu eta adosteko aukera egokia”.

Hori horrela, atzo, zapatua, lansaioa egin zuten Soraluzeko, Mallabiako, Ermuako, Eibarko, Elgoibarko, Mendaroko, Debako eta Mutrikuko EH Bilduko ordezkariek, tartean alkateek eta zinegotziek ere bai. Helburua zen lurraldearen garapenerako proposamena osatu eta ekarpenak batzea.

Atzo jasotakoarekin, EH Bilduk behin behineko proposamena osatuko du. Ondoren, maiatzean eta ekainean eskualdeko erakunde eta eragile nagusiekin elkartuko da, koalizioaren proposamenak aurkezteaz gain, euren ekarpenak eta ikuspegia jasotzeko. Horrekin guztiarekin borobilduko du behin betiko proposamena.

 

Elkarlana eta inplikazioa beharrezko

Ildo horretan, Igone Lamarain Gipuzkoako arduradun instituzionalak azpimarratu du proiektuak garatzeko "inbertsiorik handienak Eusko Jaurlaritzaren eskutik" etorri beharko badira ere, “instituzio guztien elkarlana eta inplikazioa beharrezkoak” izango direla. Halaber, Lamarainek "argi" dauka azken bost urteotan Debabarrenean eman den desindustrializazioak eragin zuzena duela eskualdearen gaur egungo egoeran: "Langabezia-tasak gora egin du, bizi baldintzek okerrera egin dute eta eskualdearen garapena asko mugatu da. Egoera honen aurrean ezinbestekoa da erakunde publikoen inplikazioa, eskualdea suspertzeko beharrezkoak diren proiektuak definitzeko alde batetik eta proiektu horiek aurrera eramateko behar den inbertsioa egiteko bestetik”.

 

 

Argazkiak: EH Bildu.