Denboraldi amaierara iritsi dira SD Eibar-en harrobiko zenbait talde
SD Eibar-en talde nagusiek lehia bizian jarraitzen dute, denboraldiaren une erabakigarrienean daudelarik. Neskek Lehen Mailari eutsi nahi diote eta mutilek Lehen Mailara igotzeko txartela lortu. Lehenek eskura dute helburua eta bigarrenek gehiago borrokatu beharko dute, baina ilusio handiz ekiten diete azken partidei.
Harrobiko talde batzuek, ostera, amaitu dute denboraldia. Helburua beteta gainera, eta aurrerapausoak emanez. Adibidez, RFEF 2. Mailan jokatzen duen emakumezkoen bigarren taldeak 6. postuan amaitu du, 40 punturekin (12 garaipen, 4 berdinketa eta 10 porrot). Horrela, datorren urtean bere hirugarren denboraldia jokatuko du maila gogor horretan.
Gizonezkoen bigarren taldeak ere maila ona erakutsi du aurtengoan. Iñigo Perezek zuzentzen duen taldeak 9. postuan amaitu du RFEF 2. Mailan (14 garaipen, 7 berdinketa eta 13 porrot), play-off postuetatik zortzi puntura geldituz. Aipatzekoa da Hugo Garcia eta Korta bezalako jokalariek lehen taldearekin jokatzeko aukera izan dutela.
Gizonezkoen Jubenil A taldeak, bestalde, oso denboraldi ona egin du Jubenilen Ohorezko Mailan, kategoriako gorenean. Taldeak 5. postuan amaitu zuen 52 punturekin (15 garaipen, 7 berdinketa eta 8 porrot), denboraldi erdian izan zuen entrenatzaile aldaketa ia igarri gabe (Asier Riesgo entrenatzailea Eibar C-ra igo zuten eta Jon Ituartek hartu zuen bere tokia).
Areitioko fruituak
Aurtengoa Areitioko kirol-hiriaren estreinako denboraldia izan da eta gauzak ondo joan zaizkie etxe berrian SD Eibar-en harrobiko taldeei. Oso ondo egokitu dira bertara, puntu gehienak han lortu dituztelarik, eta bertan egiten den lanak fruituak ematen hasi da hasieratik.
Horren adibide da Telmo Zuloagak lortutakoa, 16 urtez azpiko Espainiako selekzioak deitu baitu berriki eurekin zenbait entrenamendutan parte hartzeko. Igorreko jubenilak oso denboraldi ona burutu du eta Athletic Club-ek fitxatu du datorren denboraldirako.