Denboraldiaren balorazioa “porrotarena besterik ezin da izan”, Beti Eibar elkartearen iritziz

Denboraldiaren balorazioa “porrotarena besterik ezin da izan”, Beti Eibar elkartearen iritziz
2023/06/15 12:58
eta kitto!
Beti Eibar – Eibar Forever Eibar KE-ren akziodunen elkarteak 2022/23 denboraldiaren balorazioa egin du eta, euren iritziz, “aurreko kanpainan bezala, ez da lortu proposatutako igoera-helburua, eta, beraz, egin daiteken balorazioa, porrotarena besterik ezin da izan”. Denboraldiko une erabakigarrienean teknikariak eta jokalariak berriz ahuldu direla azpimarratzen dute eta, horrela, oso eskura zegoela zirudiena desagertu egin dela.

Taldeak bizi izan duen prozesu horretan klubaren kontseilua erabakitasunez jarduteko eta arazoari irtenbideak aurkitzeko gai izan ez dela uste du Beti Eibarrek. “Ezagutu den jarduera bakarra maiatzaren 24an presidenteak, kirol-zuzendariak, entrenatzaileak eta kapitainak play-offaren aurrean batasuna erakusteko eskainitako prentsaurrekoa izan da. Gutxiegi, hutsala, arazoaren dimentsioarentzat”.

Zentzu horretan, hilabete honetan kontseiluarekin berriz elkartzen hasiko dela aipatu du elkarteak. “Kontseiluaren eskaera errespetatuz, bi hiletik behin egiten ditugun bilerak behera utzi ondoren, ekainean aurreko dinamika berreskuratuko dugu”, dio ohar batean. Bertan, denboraldiko balorazioa entzuteaz gain, gai “garrantzitsu” batzuk landu nahi dituzte.

Gai garrantzitsuei dagokienez, Kirol Hiria da horietako bat. “Gai honen jarraipen estua egingo dugu, eta klubeko hurrengo Akziodunen Batzarrean Kontseiluak argi eta garbi azaltzea nahi dugu zer gertatu den eta zer gertatuko den gai honetan. Zalantzaz beteriko Kirol Hiria eraikitzeko prozesua inguratu duten gai guztien inguruan argiak izatea”, dio elkarteak. Beti Eibarreko kideak bertan izan ziren orain dela hiru aste eta tokia bertatik bertara ezagutu zuten.

 

Gauzak horrela, hauek dira Beti Eibarrek kontseiluarekin landu nahi dituen gaiak:

. Areitioko lehen mugarria betetzeko epeen aurreikuspena, 2023/12/31ko epemuga duena eta CSDk emakumezkoen futbolerako emandako laguntzari lotuta dagoena.

. Emakumezkoen lehen taldea: denboraldiaren plangintza Ipuruan partidaren bat jokatu ahal izateko.

. Sailburuak berritzeko prozesua: aldaketarik izango al da Batzordearen aurretik? Zein izango da aurreko Batzarrean aipatu zen pixkanaka berritzeko prozesua? • Bitarteko finantza-egoerak argitaratzea.

. Akziodunen harremanetarako datuak eguneratzeari buruz aurreko bileran egindako eskaeraren jarraipena, akzioei buruzko kudeaketak egitea errazten duen webgunera sartzerakoan arazorik egon ez dadin edo klubak akziodunei beste edozein komunikazio egin diezaieten.

. Kirolaren Lege berria (39/2022 Legea, abenduaren 30ekoa) eta kontseilari independentearen betebeharra: ba al dago mugimendurik legearen inguruan?

. Bozketa-sistema informatikoa gainbegiratzeko eskaera, botoen zenbaketan akatsak errepika ez daitezen.

. Museoari buruzko informazioa. • Gasteizko Kirol Taldearekin hitzarmena: egungo egoera eta aurreikuspenak.

. Maskota diseinatzeko prozesuari buruzko informazioa eta izena aukeratzeko prozesuan zenbat bazkidek parte hartu duten.

 

 

Beti Eibarrek akziodunak erakartzeko prozesua berriz bultzatzen laguntzeko eskatzen die elkartekideei, euren kausarekin bat egin dezaten. “Lan handia dugu aurretik eta zuen laguntza behar dugu”, diote.