Deparkelen aldeko pintxo-potea, zapatuan Untzagan
Bihar (zapatua, hilak 11) egun osoan Deparkel Debabarrena Parkinson Elkartearen aldeko pintxo-pote berezia egingo dute Untzagan, mundu osoan gaitza gogoratzeko eguna dela aprobetxatuta. Eguerdian eta arratsaldean, jendea txikiteoan ibiltzen den ordutegian, Untzagan txosna zabalduko dute eta jendeari pintxo ezberdin bana eskainiko diote edaten duen trago bakoitzarekin. Aurreko urteotan egindakoaren bidetik, bihar ere euro bi ordainduta urteko ardoa, freskagarriak, mustioa edo ura edateko aukera egongo da eta garagardoa nahiago duenak, berriz, hiru euro pagatu beharko ditu. Edariari laguntzeko pintxoak, berriz, musutruk banatuko dituzte eta antolatzaileek azaldu dutenez, bospasei pintxo ezberdin prestatuko dituzte. Pintxo-pote berezia 11.30ak aldera hasiko da eta goizeko beharrak bazkaltzeko ordurako, 14.30-15.00ak aldera amaitzea espero dute. Arratsaldean, berriz, 19.00etan hasi eta 21.30-22.00ak aldera amaituko dute.