Deporreko atletek dena eman dute Donostiako Nazioarteko Krosean

Julen Teran izan zen eibartar onena, 22. postuan sailkatuz (6. atleta euskalduna)
2025/11/03 17:07
eta kitto!

Atzo, azaroak 2, Donostiako Nazioarteko Krosaren 69. edizioa ospatu zen. Parte-hartzaile azkarrena Kenyako Titus Kiprotichek izan zen, ezustekoa emanez eta Martin Kiprotich faboritoari gailenduz. Emakumezkoen artean, ostera, 21 urteko Celestine Jepkosgei kenyar gazteak izan zen azkarrena, Marta Serrano Azpiazu 3.000 metro oztopo probako espezialistaren aurretik sailkatuz.

Lasarteko Krosa bezala ere ezagutzen den proban, Eibarko Klub Deportiboko 19 atleta izan ziren parte hartzen. “Dena eman zuten, eta goiz eguzkitsu batean oso emaitza politak lortu zituzten denboraldiko lehen krosa izan den honetan”, diote Deporretik.

 

Eibartarren emaitzak

6,900 km-ko luzera zuen kategoria absolutuan, eibartarren artean Julen Teran izan zen azkarrena 21:44 denborarekin. Teran 22. izan zen helmugan eta 6. atleta euskaldunen artean. Bestalde, Txomin Osoro-k 24:00 denborarekin amaitu zuen proba eta 24:51-ekin Markel Gutierrezek.

20 urte azpiko emakumezkoen proban, Nora Martinezek 9. postua lortu zuen 14 minutu eta 29 segundoko denborarekin. Maila bereko gizonezkoen proban, Ugaitz Garcia ere 9. izan zen 11 minutu eta 37 segundoko denborarekin, eta Anwar El Hassouini Benaissak 18. amaitu zuen 12 minutu eta 21 segundoko denborarekin.

Master kategoriari dagokionez, ordezkaritza nabarmena izan zuen Deporrek eta 8., 21. eta 29. sailkatu ziren Iñigo Trokaola (09:01), Roberto Gartzia (09:30) eta Marcos Untzetabarrenetxea (10:15), hurrenez hurren.

Eibarko Klub Deportiboko atletismo eskolako ordezkariei dagokienez, alebinetan hauek izan ziren emaitzak: Isabel Pita 05:13 denborarekin, Jule Azurmendi 05:16, Maddi Perez de Obano 05:22, Lucia Arkotxa 05:38 eta Eider Gonzalez 05:43. Benjaminetan, bestalde, Amets Rubiok, Jone Hernandezek, Marina Moralesek eta Saioa Guerrerok hartu zuten parte.