Deporreko bi pilotari bakarrik gelditzen dira Gipuzkoako Eskuz banakako Txapelketan

Condek Beasaingo Murumendi klubeko Leundaren aurka jokatuko du eta Ibarrak Lazkaoko Egigurenen aurka
Deporreko bi pilotari bakarrik gelditzen dira Gipuzkoako Eskuz banakako Txapelketan
2025/12/11 10:46
Ekhi Belar Errasti

Asteak aurrera egin ahala, murrizten doaz Eibarko Klub Deportiboko pilotarien partiduak. Izan ere, Gipuzkoako Eskuz Banakako Txapelketaren bigarren fasean, klubeko bi pilotarik bakarrik jokatuko dituzte final-zortzirenetako partiduak: Condek Beasaingo Murumendi klubeko Leundaren aurka jokatuko du eta Ibarrak Lazkaoko Egigurenen aurka.

Astelena frontoiko biharko jaialdia 19:00etan hasiko da, Segurola eta Arriola errendimenduzko alebinen arteko partiduarekin. Deporreko bi pilotariak Gipuzkoako Txapelketaren Mendebaldeko Eskualde-Txapelketaren finalerdietara iritsi dira eta elkarren aurka jokatzea egokitu zaie finalerako txartela lortzen saiatzeko.

Bihar baita ere, abenduak 12, Gipuzkoako Eskuz Banakakoan, Urkiaga jubenilak Aretxabaletan jokatuko du Gonzalezen aurka.

Zapatuan, abenduak 13, 16:00etatik aurrera, Astelena frontoiak Eskolarteko Txapelketaren beste jardunaldi bat hartuko du, oraingo honetan Deba bailarako pilota eskoletako alebin mailako pilotarientzat. Eibarrek lau pilotarik osaturiko taldea aurkeztuko du.

Urte amaieran atsedena hartuko dute Deporreko pilotariek eta Gabonetatik bueltan Gipuzkoako Banakako Gomazko Paleta Txapelketari ekingo diote, bai 7. koadroaren barruan (urtarrilean eta otsailean) bai kantxa osoan (martxoan eta apirilean).

Udaberri Txapelketa, bestalde, urtarrilean, otsailean, martxoan eta apirilean jokatuko da, binakako formatuan, eskuz zein paleta-gomarekin.