Deporreko Klubaren Eguna ospatuko dute domekan Arraten

Mendi batzordekoek dominak banatuko dituzte, baina klubeko beste batzorde batzuetakoek ere prestatu dituzte hainbat ekitaldi
Deporreko Klubaren Eguna ospatuko dute domekan Arraten
2024/05/31 12:19
eta kitto!

Urterokoari jarraituz, ekainaren lehenengo asteburuan Eibarko Klub Deportiboak bere eguna ospatuko du etzi Arraten. Finalista Eguna ere ospatzen dute egun berean, ikasturtean zehar egindako mendi irteeretan gehien parte hartu duten umeei dominak banatzeko. Horregatik, mendi batzordekoek emango diote hasiera egunari, goizeko 08:00etan Depor azpitik irten eta Santa Kurutzera eta Kalamuara joateko. Baina klubeko beste batzorde batzuetakoek ere prestatu dituzte hainbat ekitaldi egun handi horretarako.

Pilota batzordekoek, esaterako, 11:00etan hasita, Kaelo Memorialeko pilota partiduak jokatuko dira Arrateko frontoian: infantiletan Amillategi eta Gil arituko dira, nor baino nor; eta jarraian, binaka, Azpilikueta eta Varona kadeteak Gisasola eta Amuategi jubenilen aurka. Dantza taldeak prestatuta, bestalde, soka-dantza egingo da Arrateko zelaian, parte-hartze irekian. 12:30ean lehen aipatutako mendietako dominak banatuko dira. 13:00etan Nanopastorala hasiko da gurutzean. Eta, ondoren, 14:30etik aurrera, bazkaria izango da zelaian; hori bai, bakoitzak berea eraman beharko du. Arratsaldean, azkenik, atletismoa, xake erraldoia, barruak, jolasak... beste hainbat gauza izango da bertan.