Deporreko mendi taldeak gauez egingo duten irteera antolatu du zapaturako
2023/09/26
09:47
eta kitto!
Zapatutik domekarako gaueko ibilaldi berezi hori Elgoibarren hasi eta Urretxun amaituko da, tartean Irukurutzeta eta Irimoko gainak gaindituz. Parte-hartzaileek autobusa hartuko dute gaueko 22:00etan Ego Gaineko geltokian eta handik ordu erdira abiatuko dira Elgoibarko tren geltokitik. Itzulera, bestalde, Urretxutik egingo dute domeka goizean, 07:00ak bueltan irtenda. 26 kilometroko ibilbidean, goraka metatutako desnibela 1.340 metrokoa da, eta beherakoa 1.055ekoa.
Ibilbidean Karakatera (742 metro) igoko dira lehenengo, gero Irukurutzetara (898 m.) heltzeko, jarraian Elosuara joko dute, handik Gorlara, ondoren Trekutz zapalduko dute eta, Irimotik (855 m.) pasatu eta gero, Urretxura helduko dira. Ibilbidea gauez egingo denez, parte-hartzaile guztiek kopetako argia, linterna edo bestelako argiztapen gailua eraman beharko dute.
Irteera horretan interesatuek Klub Deportiboan izena eman dezakete edo bertara deitu.