Deporreko mendizaleak etxetik gertu ibili ziren aurreko zapatuan

Zaldibar eta Eibar arteko ibilbidea egin zuten Klub Deportiboko mendi batzordekoek
Deporreko mendizaleak etxetik gertu ibili ziren aurreko zapatuan
2024/11/28 09:56
eta kitto!

Azaroaren 23an, aurreko zapatuan, Zaldibar eta Eibar arteko ibilbidea egin zuten Eibarko Klub Deportiboko mendi batzordekoek antolatutako irteeran. Honela kontatu digute egun horretan bizitakoa:

“Iragan larunbatean, Klub Deportiboko mendizale talde batek trena hartu eta Zaldibarrera jo genuen zeharkaldi ez oso ohikoa burutzeko. Zaldibartik irten eta Santamaña (Santa Marina zar) igo genuen lehen tontorra (666 m). Bilbo aldea eta Bizkaiko parajeak ikuskatzen hasi ginen, eguna nahikoa garbia baitzetorren. Ondoren, mendisokari jarraituz, Erdella (garai batean Pagatza-mendi izenaz ere ezaguna) gaindu genuen. Aldaz behera oso tentea, lokatza dezente zapalduz, Elgeta-Elorrioko errepidera atera ginen. Gorantz berriro ere hirugarren tontorraren bila, Intxorta (743 m.) Hemen lokatza nabarmenagoa zegoen, haizeak ere astintzen zuen. Gailurretik panoramika bikaina dago norabide guztietan iparralderantz Elgetako herria eta "gure" tontor  guztiak, atzetik Aizkorri-Udalatx-Anboto eta abar. Elgetarako jaistaldia labana zegoen oso baina laburra denez, azkar bideratu genuen. Heriko mendizaletasunaren plaza gurutzatu eta errepidean gora Karabieta aldera jo genuen, baina kanposantua pasatu ondoren, errepidearen ezker aldetik abiatzen den bidea hartu eta GR-121 markak segituz aldats gora aurrenik eta gero apur jaitsiz Karabietara iritsi ginen (550m). Errepidea zeharkatu eta gorantz bide asfaltatuan abiatu ginen bi kilometro luzez harik eta une batez eskuin aldetik Azkonabitzako (Azkonabieta) antenara daraman igoera xuta baina motza hartu genuen arte. (728 metrotan ginen). Beherantz berriro ere pagadian zehar Azurtzako baserrira aurrenik eta, Goimendiko bidegurutzera gero, heldu ginen. Hemendik gora, azken gainaren bila, Topinburu (590 m.). Azkenaurreko tontorrean bezala, Deporren buzoia dugu bertan. Salbadore baselizaraino jaistaldia bidearen eskuin aldetik burutu genuen, hau mendi hau geroz eta sastrakatsuagoa baitago, eukaliptu-landaketa oso handia baita. Aipaturiko baselizatik GR-121 bideari jarraituz Iragorri baserriko ur depositora iritsiko gara. Handik behera Txontatik edo Sautxitik Urkusuko parkera helduko gara. 22 kilometrotik gora eta 1260 metroko desnibela”