Deporreko mendizaleek Artzaintza Naturbidea amaituko dute urteko azken bazkariarekin
2023/11/29
11:18
eta kitto!
Artzaintza Naturbidearen 22. etaparekin amaituko dute Klub Deportiboko mendi batzordekoek azken aldian osatzen ibili diren Artzaintza Naturbidea. Ondo dioten bezala, “egindako ia 500 kilometroetan, Aitzgorri-Aratz, Valderejo, Aralar, Urkiola eta Gorbeian izan gara, bertako espazio bereziez eta hainbat parke naturalez gozatuz”. Abenduaren 16ko etapa horretan Guineatik Subijana Morillasera joango dira, tartean Kruzetatik pasatuta. Goizeko 08:00etan irtengo dira Ego Gainetik eta ibilbide ofizialak 19 kilometro izango ditu. Metatutako gorako desnibela 570 metrokoa da eta beherakoa 745ekoa. Ibilbide alternatiboa ere prestatu dute, “Artatza abiapuntu izango duena, 430 eta 625 metrotako desnibel metatutakoarekin”.
Jakina, urteko irteerei agur esateko azken bazkaria ere egingo dute. Iruña Okan izango da eta menuan “ez dira faltako babarrunak, entsalada, bakailao eta buztan gisatu razio erdiekin batera”. Postrea, kafea eta ardoa barruan izango duen urteko azken irteeraren prezioa 46 eurokoa izango da (44 bazkide izanda). Izena eman daiteke dagoeneko.