Deporreko pilotariak ezin bikainago Udaberri Torneoan
Bikain ari dira Eibarko Klub Deportiboko pilotariak Gipuzkoako Udaberri Torneoan: Eibarko kadete mailan federatuta dauden bi bikoteak, txapelketa txalogarria egin ondoren, final laurdenetara iritsi ziren. Eta aurreko barixakuan Astelenan Andoaingo eta Azkoitiako bikoteen aurka jokatutako partiduen ondoren, Varona eta Azpilikuetak osatutako bikoteak finalerdietara pasatzea lortu zuen; barixaku honetan Lazkaon jokatuko dute, finalerako txartela lortu nahian.
Bestalde, helduen mailan ere bikain dabiltza eibartarrak: klubeko bi bikoteak final laurdenetako partiduak jokatu zituzten aurreko asteburuan. Azkargorta-Conde bikoteak amore eman behar izan zuen, Azkargortaren lesio bat tarteko ezin izan baitzuen partidua amaitu. Ibarra-Aguirresarobe bikoteak, berriz, partidua irabazi eta finalerdiak jokatuko dituzte etzi, martxoak 15, Astelena frontoian arratsaldeko 20:00etan.
Bihar, eguena, arratsaldeko 19:30ean Astelena frontoiak Gipuzkoako Banakako Pala txapelketaren partidua hartuko du, Soria eibartarrak Arrieta elgoibartarrarekin indarrak neurtuz. Eta zapatu honetan, azkenik, Eibarko Pala Txapelketa abiatuko da, herriko eta kanpoko 24 bikoteren partehartzearekin. Partiduak zapatuetan jokatuko dira Astelena frontoian, goiz eta arratsaldeko saioetan. Horko finalak maiatzaren 25ean izango dira, Euskal Jaien giroan.