Deporreko pilotariek asteburu betea izango dute zenbait txapelketarekin
Asteburu betea izango dute Eibarko Klub Deportiboko pilotariek, bai Astelena frontoian eta baita etxetik kanpo ere. Gipuzkoako 4 t’erdiko Txapelketak, Udaberriko Binakako Txapelketak eta Herriartekoak bat egingo dute egun gutxitan.
Ostiral arratsaldean izango da hitzordu nagusietako bat Astelena frontoian. Jaialdia 18:00etan hasiko da eta lau partida izango dira ikusgai. Lehen neurketan, Gipuzkoako 4 t’erdiko Txapelketako laugarren jardunaldian, Amillategik Tolosako Landaren aurka jokatuko du. Ondoren, errendimenduko alebinen txanda izango da, Atxa eta Uriarte eibartarrek Lazkaoko bikotearen aurka neurtuko baitituzte indarrak Udaberriko Eskuz Binakako Txapelketan.
Jaialdiari amaiera emateko, berriz ere 4 t’erdiko bi neurketa izango dira ikusgai. Lehenengoan, Amuategik Legazpiko Iraeta izango du aurkari, eta azken partidan Narvaiza seniorra ariko da Oiartzungo Seinen kontra.
Kanpoko partidak
Kanpoan ere agenda bete-betea izango dute Deporreko pilotariek. Jubenil mailan, Segurolak Ataunen jokatuko du ostiralean Izagirreren aurka, eta Condek Azkoitian izango du hitzordua larunbat goizean Oteizaren kontra. Seniorretan, Ibarra Villabonan ariko da Olasagastiren aurka larunbat arratsaldean.
Errendimenduko gazteek ere hainbat frontoi zapalduko dituzte asteburuan. Infantil mailan, Arrieta eta Agote Andoainen lehiatuko dira, eta Lizarralde-Saez bikoteak Hernanin jokatuko du. Alebinetan, Arriola eta Segurola bikoteak Aretxabaletan izango du neurketa.
Asteburuko tentsio eta ikusmin handiena, hala ere, Herriarteko Txapelketak ekarriko du. Eibarko pilotariek lehen fasea gainditu dute eta orain Usurbil izango dute aurkari. Joaneko kanporaketa igande honetan jokatuko da Astelenan, 16:30etik aurrera. Ohiko formatuari jarraituz, lehenengo kadeteen binakako partida izango da, ondoren jubenilena eta azkenik seniorrena. Itzuliko norgehiagoka datorren astean jokatuko da Usurbilen.