Deporren 100. urtemugarekin amaitzeko Urkotik Eibar argiztatzeko asmoa
Urtarrilaren 30ean amaituko dira Eibarko Klub Deportiboaren mendeurrenaren inguruan prestatutako ekitaldi guztiak. Eta, urtemuga horri behar bezalako amaiera emateko, 2024ko urtarrilaren 30ean mendeurrenari ekiteko eman zitzaion hasiera ikusgarriari jarraipena ematea erabaki dute klubekoek. Orduko hartan ondo gogoratzeko moduko irudia sortu bazen, Urko argiztatuz, oraingoan Urkotik Eibar argiztatzea pentsatu dute, horretarako eibartarron laguntza eskatuz.
Untzaga plazan 400 lagun biltzeko asmoa dute antolatzaileek, bertan Deporren logoa sortu eta argiztatzeko. Beraz, datorren asteko eguenean, hilaren 30ean, parte-hartzaileei dei egiten zaie Txaltxa-Zelain batzeko arratsaldeko 18:30ean; ekimenak ordubete iraungo du, 19:30ak arte, eta beharrezkoa izango da kopetako argi bat edo linterna bat eramatea. Izena emateko Eibarko Klub Deportiboko formularioa bete behar da.