Desagertuta dagoen gizonezko baten bila dihardute
Atzo (astelehena, hilak 20) iluntzean suhiltzaileak Urtzaile kaleko etxe batera sartu ziren leihotik, barruan norbait zegoen ala ez ikusteko. Udaltzaingotik jakinarazi dutenez, atzo 20.30ak aldera andrazko bat euren bulegora joan zen, zapatuaz geroztik bere ilobaren berririk ez zuelako eta kezkatuta zegoela esanez. Kontatu zienez berarekin bazkaltzeko geratuta zegoen, baina ez zen agertu eta, gainera, atzo ez zen lanera joan. Deitzen jardun arren, telefonoa amatatuta edo estaldura barik dagoela dioen mezua baino ez dutela entzuten esan zien baita ere. Gauzak horrela, desagertuta dagoen gizonaren familiak zerbait gertatu zaion beldurrak bultzatuta jo zuen udaltzainetara atzo eta patruila batek gizonaren etxeraino lagundu zien. Udaltzainen txostenak jasotakoaren arabera, "etxe barruan musika entzuten zen, baina txirrina behin eta berriro jo eta gero inork ez zuenez aterik zabaltzen, suhiltzaileak leiho batetik etxe barrura sartu ziren baina barruan ez zegoen inor". Gauzak horrela, orain arte behintzat ez dute desagertutakoaren berririk izan eta bila jarraitzen dute.