Deus Ez: “Ez genuen abestiak gordeta geratzea nahi eta taldea berpizteko aukera ikusi genuen”
Pandemia bat, aitatasunak eta mundua hankaz gora jarri dituzten gertakizunak gainditu eta bueltan da Deus Ez musika taldea. ‘Deus Ez’ (21017) eta ‘Sherpak’ (2019) diskoak kaleratu ondoren, ‘Zain’ argitaratu zuten azaroan. Orain, taldea osatzen duen hirukotea zuzenean ikusteko aukera izango dugu eta, ohiturari jarraituz, Zaizoi tabernan joko dute lehen kontzertua, otsailaren 28an.
Eric Deza abeslari eta gitarra-jolea Iruñean bizi denez ezin izan zen gurekin elkartu, baina bai ostera Alex Etxeberria baxu-jolea eta Koldo Sagarzazu bateria-jolea. Eta non hobe Zaizoi tabernan baino? Motorrak berotu genituen datorren astean eskainiko duten kontzertua baino lehenago eta disko berriaz jardun genuen eurekin.
‘Zain’ deitzen da zuen disko berria eta, hain zuzen ere, zaleak zain izan dituzue hainbat urtetan, material berriaren gose. Zergatik pasa da hainbeste denbora?
ALEX: Izenak badu joko hori pixka bat. Diskoari ez diogu horregatik jarri izena, baina izena aukeratu genuenean ironia hori bazegoen.
KOLDO: Ez da arrazoi bakarra egon hainbeste denboran ezer berririk egin gabe egoteko, arrazoi ezberdinak egon dira. Alde batetik, pandemiak harrapatu gintuen eta geldialdi bat eduki genuen, gero Eric Olaia Inziarterekin dabil biran eta Iruñean bizi da, umeak ere egon dira tarteko... Gauza ezberdinak elkartu dira, baina jada ez dago gehiago zain egon beharrik.
Zergatik erabaki duzue orain bueltatzea?
ALEX: Abesti hauek nahiko landuta geneuzkan, gehienak orain dela bost urte. Batzuk ia amaituta genituen eta beste batzue hasierako fasean, baina ez genuen abestiak gordeta geratzea nahi eta taldea berpizteko aukera ikusi genuen. Orduan, abestiak grabatzeko eta kontzertu batzuk helburuarekin egin dugu aurrera.
Urte hauetan bizitza aldatu zaizue neurri batean. Deus Ez ere aldatu dela esango zenukete?
KOLDO: Bai, dezente. Abesti hauek sortu genituen sasoian ere beste kutsu bat zuten eta orain gehiago landu ditugu, beste toki batean grabatu ditugu (El Tigren) eta ekoizleak asko lagundu digu. Kutsu ezberdina eman nahi genien eta berak lagundu egin digu soinu aldetik aldaketa ematen. Esango nuke gure musika sinplifikatu egin dugula. Gordinagoa egin dugu, efektu gehiago sartu ditugu (lehen ez ginen ausartzen) eta disko ezberdinagoa da.

Itzulera honetan musikaren mundua ere aldatu egin dela igarri duzue?
ALEX: Bai. Lehen kontzertuak lortzea zaila zen eta esango nuke orain are zailagoa dela. Agian gizarteak berak jo du horretara, baina orain denak izan behar du berezia. Euskal Herrian ere mainstream-a asko hazi da, kontzertu handiak egiten dira eta jendeak horiek galtzeko beldurra du, FOMO delakoa (‘Fear Of Missing Out’, zerbait galtzeko beldurra). Horrez gain, musikaren mundu alternatiboa ere nahastu egin da. Betiko taldeak daude eta gero azpitaldeak dituzte, eta azkenean denek elkar ezagutzen dute. Orduan, bost-sei urte kanpoan egon ondoren, ez da erraza hor sartzea, baina beno, hor gabiltza borrokan eta kontzertu batzuk lortu ditugu. Gu bezalako talde batek lan asko egin behar du eta ez zaigu besterik geratzen. Zaizoi bezalako tokiak egoteak beti laguntzen du.
KOLDO: Asko jaitsi dira lokal txikietako birak. Oraindik badaude toki batzuk, Zaizoi adibidez, edo gaztetxeak, baina jaitsi egin da lokal txikien jarduna. Dena oso ‘festibaleroa’ bihurtu da, jaialdi txiki edo handiak, baina jaialdiak azken finean. Zaila da zirkuitu batzuetan sartzea.
Zentzu horretan zein helbururekin itzuli zarete?
ALEX: Jaialdiren batean jotzea demasa izango litzateke, baina badakigu zaila dela. Nire helburua abestiak guk nahi genuen moduan ateratzea zen, grabatutakoa gustatzea eta formatu fisikoan, bideoklipetan eta merchandising-ari dagokionez zerbait polita ateratzea. Zortea eduki genuen, Musika Bulegoaren diru-laguntza jaso genuelako eta asko lagundu digu lan horretan. Produktu polita atera dugula pentsatzen dut. Gero, kontzertuen grina bizitzeko gogoa dugu.
Nola eskuratu dezakegu zuen diskoa?
KOLDO: Gure kontzertuetan edota deusez.bandcamp.com web orrian. CD eta binilo formatuan eskuratu daiteke, eta laster kamisetak eta bestelako produktuak jarriko ditugu eskuragai.

Lehenengo singlea urrian kaleratu zenuten, ‘Zaunka’, gero etorri zen bigarrena, ‘Sare’, eta azaroan ‘Zain’ diskoa. Nolako harrera izan du?
ALEX: Kritikak nahiko onak izan direla esango nuke, ezin gara kexatu.
KOLDO: Orain arte gure musikara gerturatu ez den jendea gerturatu da. Diskoak beste soinu batzuk ditu eta beste toki batzuetara iritsi gara. Harrera ona izan dela iruditzen zaigu. Ez gara Top Gaztean egongo, baina bai beste hedabide batzuetan. Adibidez, Mondosonoro aldizkari espezializatuan urteko disko onenen zerrendan sartu gaituzte. Horrelako gauzek aurrera jarraitzeko indarra ematen digute eta gustura gaude.
Bideoklipak egin dituzue, diskoa biniloan kaleratu... Nolako balioa ematen diozue horrelako proposamenak egiteari? Zergatik egin horren aldeko apustua?
ALEX: Gauza politak egiteko aukerak genituela ikusi genuelako. Sekula egin ez ditugun gauzak dira. Inoiz ez dugu binilorik atera. Bideoklipak bai, baina hauek profesionalagoak dira, ez gara jotzen besterik ez agertzen, istorio bat kontatzen dute, aktoreekin. Horrek demaseko lana du atzetik, batez ere den-dena hiruon artean egin behar dugulako, ez baitugu inor atzetik. Hau musika maite duzulako egiten duzu, bestela ez zenuke egingo.
Zaizoin eskainiko duzue itzulerako lehen kontzertua, hilaren 28an. Zer espero genezake?
KOLDO: Indarra. Gure ezaugarrietako bat zuzeneko indarra izan da. Aurreko diskoetan jaso genuen feedback-a izan zen diskoa ondo zegoela, baina zuzenekoa beste kontu bat zela. Eszenatoki gainean hiruok gaude, ez dago inongo efektu berezirik, eta pentsatzen dut beste indar puntu bat eskaintzen dugula zuzenekoetan.
ALEX: Berritasun bezala, base batzuk sartuko ditugu eta teknologia gehiago erabiliko dugu. Hori zuzenekoetara ekartzea lanak eman dizkigu, baina hori ondo ehuntzea lortzen dugunean zuzenekoek beste dimentsio bat hartuko dutela uste dut.
Aurretik Deus Ez ikusi duenak ezustekoa eramango du Zaizoiko kontzertuan?
ALEX: Berritasunak ikusiko ditu. Oinarrian rock indartsua entzungo da, zuzeneko indartsua, baina orain arte eduki ez dugun beste puntu bat izango du ikuskizunak. Interesgarria izango dela iruditzen zait.