Dia das Letras Galegas-ek Urkizu jai-giroaz jantziko du asteburuan

Gaur arratsaldeko 19:00etan zabalduko dute ofizialki jai-batzordearen taberna, eta bertan salgai izango dira Galiziatik ekarritako hainbat produktu
Dia das Letras Galegas-ek Urkizu jai-giroaz jantziko du asteburuan
2024/05/10 11:46
eta kitto!

As Burgas Galiziako Kultur Etxea 1984an sortu zen, hau da, orain dela 40 urte, eta ordutik urtero maiatzean "Dia das Letras"-en inguruko jaiak ospatzen ditu gurean. Galiziatik Eibarrera lanera etorritako jendearekin eman zituen lehenengo pausoak. Hori bai, orduko hartan euretako batek, Antonio Alonsok, eta arrantzale euskaldunen seme bezala Ferrolen urte asko eman zituen Josu Arkotxak (...eta kitto!-ren hasieran ere egon zen bera) sortu zuten As Burgas Etxea. 

Ordutik Galiziako sustraiei eusten ahalegindu da Kultur Etxea, lur hartako idiosinkrasia, kultura eta ohiturak bazkideen eta euren oinordekoen artean zabaltzearekin batera, beste eibartarroi ere eskaintzeko gogoz. Horretarako zenbait ekimen antolatzen dituzte urtean zehar, garrantzitsuenak maiatzaren erdialdekoak badira ere; baina gure Gaztañerrearen pareko Magostoak ez dira faltan izaten urteroko hitzorduan, eta ezta enpanadaren festa ere. Errege Egunaren bueltan hor izaten da umeentzat prestatutako marrazki lehiaketa... eta dantzan egin eta musika entzuteko tarte bat baino gehiago aurkitzen dute, batez ere hainbat eginkizunetan parte hartzen duen Os Galaicos taldeari esker. 

Raquel Mosquera da elkarteko gaur egungo presidentea. Sei bat hilabete daramatza karguan, bere aurretik karguan hamarkada bat egin duen Juan Jose Floresen lekukoa hartu ondoren. Berak esan digunez, Castelao idazle eta intelektualaren figura dute jaietako ardatz: "Maiatzaren bigarren edo hirugarren asteburuan jaiak egiteko,  maiatzaren 17a dugu ardatz: data horretatik gertuen dagoena hartzen dugu". Jaiekin batera, urtero kaleratzen duten liburuxka oraindik ez dute esku artean, baina "inprentatik berehala jasotzea" espero dute.

Jaietako antolakuntzan 25 bat lagunek hartzen dute parte zuzenean, "zuzendaritzako jendeaz aparte, ahal ditugun inguruko guztiak bilduz, etxekoekin hasita". Ahaztu barik aurreko zapatuan jaiei hasiera eman zien gaita-poteoan jardun zuten Os Galaicos taldekoen parte-hartzea: "Hamabost bat izango dira hor", dio presidente berriak. Aurrekoan Laudioko Zentroko Gaiten Taldea izan zuten lagun.

 

Asteburuko egitaraua
Gaur arratsaldeko 19:00etan zabalduko dute ofizialki jai-batzordearen taberna, eta bertan salgai izango dira Galiziatik ekarritako hainbat produktu. "Galiziako olagarroa eta enpanadarekin batera, tetilla gazta, Santiago tarta eta lakoia izango dira, betiko lez", diosku Mosquerak. Jai hauei ikutu berezia ematen dion olagarroari buruz, "40 urtetan, kale egin barik, Eibarren familia duten galiziarrak datoz". 

Egitarauan berritasunik sartzeko asmoa ez dute baztertzen. "Aurten, esaterako, DJ-a izango dugu domeka arratsaldean. Eta orkestrei dagokionez, gustatuko litzaiguke Panorama izenekoa ekartzea, baina gure aurrekontutik ihes egiten digu; eta tokirik ere ez dugu, orkestra horrek lau trailer mugitzen baititu". Bestalde, orain dela hiru urte mahai-jokoak ekartzen hasi ziren, eta pozik daude Odisea elkartekoekin: "Gainera, herrikoak dira. Hori gutxi balitz, eurak ere pozik daude hemen izatearekin".

Gaur 19:30ean gaita-poteoa hasiko da, Casa de Galiciako gaita taldearen eta Eibarko trikitilarien eskutik. Eta, 22:00etatik aurrera, Compostela orkestrak girotuko du gaua, tartetxo bat eginez gauerdiko queimadari.

Biharko egitaraua goizetik hasiko da: 11:30ean gazteenentzako chaves tiraldia izango da, 12:00etan herri-kirolen txanda helduko da, eta 13:00etik aurrera igel-txapelketak jokatuko dira, lehenengo umeena eta ondoren helduena. 18:30ean Galiziako dantzak eta musika izango dira protagonista. Gauean, 22:30etik aurrera, Lugoko Stereo orkestrak ipiniko du martxa.

Domekara helduta, 12:00etan Galiziako dantza eta musikaren txanda izango da, 14:00etan lore-eskaintza egingo zaio Castelaori, 15:00etan luntxa egingo dute, 16:30ean Odisearen jokoak hasiko dira eta, jaiekin amaitzeko, DJ "Primo Bayo" izango da, 18:00etan.