Dioni Kortina herriko kirolari handiak laga gaitu

19 urterekin hasi zen harriak jasotzen, "La Bombonera"-ko zaletuek proposatutako desafio bati erantzunez
Dioni Kortina herriko kirolari handiak laga gaitu
2025/05/05 15:32
eta kitto!

Maiatzaren 1ean hil zen, 59 urterekin, orain arteko pisu gehieneko harria jaso duen Eibarko gizasemea. Marka horren jabea gure herriko ordezkari nagusia izan da, Ernesto Ezpeleta "Bihurri"-rekin batera, herri-kirol munduan. Hortik kanpo ere, hainbat ekimenetan parte hartu izan du eta, esate baterako, berak bultzatu zuen urtero Amañako Wenzeslao Orbea kaleko jaiak. Hortik aparte, beste hainbat hemengo eta hemendik kanpoko auzotako jaietan hartu izan du parte, batez ere herri-kiroletako ikuskizunekin lotutako saioetan. …eta kitto! astekariak urtero Gabon Zahar egunean antolatzen duen Eibarko Kirol Sarietan ere, kalerik egin gabe, izan dugu lagun edizio guztietan herri-kirolaren arloko sariak banatzen. Asteburu honetan bertan, Galiziako Etxeak antolatzen duen gure herriko Dia das Letras Galegas-en ere ondo igarriko dute Dioniren falta, horko erakustaldian speaker lanetan jardundakoa izan delako azken urteotan.

Bere kirol ibilbideari erreparatuz, 19 urterekin hasi zen harriak jasotzen, sasoi bateko SD Eibarko "La Bombonera"-ko zaletuek proposatutako desafio bati erantzunez. 1997ko maiatzaren 24an ezarri zuen gaur ere eibartarron artean indarrean dagoen marka, 200 kiloko harri kubikoarekin. Ipurua kiroldegian egindako jaialdian bigarren saiakeran jaso zuen aipatutako harria, aurretik 196 kilotan zuen marka gaindituz. Aginagako harrijasotzailearen balentriak oihartzun handia izan zuen, batez ere ohiko harrijasotzaileak baino txikiagoa zelako Kortina: ordukoan 90 kiloko pisua zuen 1'70eko altuerako kirolariak. Jaialdian, zelan ez, Bihurri aizkolaria izan zuen betiko lagun, eta azken horrek ere bere marka pertsonala ezarri zuen, 10 kanaerdikotan 26 minutu eta 12 segundoko denborarekin. Zapatu gau hartako jaialdian Mallabiko Zelai, Asteasuko Sarasua eta Iparraldeko Goikoetxea harrijasotzaileek ere hartu zuten parte, Agerretxiki, Mintxeta, Fausto Mugerza eta Flores trontzalariekin batera.