Dirulaguntza berriak desintoxikazio-prozesuetan dauden pertsonei laguntzeko eta udalerriko gizarte-erakundeen lana indartzeko

Desintoxikazio-prozesuan dauden pertsonek autonomia erkidegoko zentro terapeutikoetara joateko garraio-gastuei aurre egiteko dirulaguntza jasoko dute; eta, 40.000 euro bideratuko ditu Udalak herriko irabazi asmorik gabeko elkarteek sustatutako proiektu sozialetarako.
Dirulaguntza berriak desintoxikazio-prozesuetan dauden pertsonei laguntzeko eta udalerriko gizarte-erakundeen lana indartzeko
Argazkia: Ramon Beitia
2025/04/29 13:32
eta kitto!

Desintoxikazio-prozesuetan dauden pertsonei laguntzeko dirulaguntzaren helburua da mendekotasun-arazoengatik tratamenduan dauden pertsonak zentro terapeutikoetara joatea erraztea, tratamenduarekiko atxikipena zaildu dezaketen oztopo ekonomikoak kenduz. 2.500 euroko partida batekin, garraio-gastuak estaliko dira (garraio publiko edo partikularra).

Dirulaguntzen bigarren lerroa 40.000 eurokoa da, eta Eibarren gizarte-ekintzaren arloko proiektuak garatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeei laguntzera bideratuta dago. Diru-laguntzak norgehiagoka bidez esleituko dira, eta elkarte bakoitzak gehienez 2.000 euro jaso ahal izango ditu proiektu bakar baterako. Proiektuak 2025eko abenduaren 31 baino lehen garatu beharko dira, eta gastuen justifikazioa 2026ko urtarrilaren 31 baino lehen aurkeztu. 

Udaletik nabarmendu dutenez, dirulaguntza hauen helburua da tokiko elkarte-sarea bultzatzea eta Eibarko herritarren bizi-kalitatea hobetzea. “Entitateek gure hiriko egunerokotasunean presentzia handiagoa izateko beharrezkoak diren baliabideak edukitzea, eta haien ekintzek pertsonen bizitzan benetako eragina izatea nahi dugu", gaineratu du Sonia Archeli Gizartekintzako zinegotziak

INFORMAZIO GUZTIA HEMEN.