Dolmenen Ibilbidea gehitu diote Debabarreneko turismo eskaintzari

Dolmenen Ibilbidea gehitu diote Debabarreneko turismo eskaintzari
2013/03/27 00:00
eta kitto!

Aurretik zegoen turismo eskaintza aberastera dator orain egun batzuk Debegesako egoitzan aurkeztu duten mendi ibilbidea: Karakate-Irukurutzeta mendilerroan trikuharri eta tumuluen kontzentrazio handia dago eta horiek ezagutzeko aukera paregabea ematen du Dolmenen Ibilbideak (PR-Gi 94). 20 kilometro dauzka eta Karakate-Agirreburu banalerroa zeharkatzen du, Elgoibar, Soraluze eta Bergarako udalerriak lotuz. Paisaia ederraz gozatzearekin batera, gure arbasoen aztarnak ezagutzen joan daiteke ibilbideari jarraituz gero. Bidean Elosua-Plazentzia estazio megalitikoa osatzen duten tumulu eta dolmen multzoa topatuko du mendizaleak. Debabarreneko eskaintza turistikoa, irteerak, aisialdirako jarduerak, mendi ibilbideak eta bestelako guztiak barne www.debabarrenaturismo.com webgunean oso modu erosoan kontsultatu daiteke. Gainera ibilbideen liburuxkak eta beste material erabilgarri asko bertatik zuzenean jaitsi eta gordetzeko aukera eskaintzen du webguneak.