Doluaren inguruko saio hunkigarria eskaini zuen atzo Manex Beristainek
Emozioz beteriko saioan aurkeztu zuen atzo Manex Beristainek "Azken galdera amari" ipuina. ...eta kitto! Euskara Elkarteak Illunabarrian egitasmoaren barruan antolatutako aurkezpenak sentimendu eta emozio ugari sorrarazi zizkien bertaratutakoei eta askotan latza egiten zaigun gaia goxo egin zuen azpeitiarrak.
“Liburu honek dolu-prozesuan laguntzeko tresna izan nahi du, doluari aurre egiteko baliabidea. Haurrei heriotzaz hitz egiten diegunean, gure minak eta beldurrak sartzen dira tartean. Hortik hitz egiten diegu haurrei heriotzaz. Gauza txarrak gertatuta ere, bizitzan aurrera egitea posible dela kontatzen duen ipuina da, erresilientziaren aldarrikapena”, Manexen hitzetan.
Umeekin heriotza eta dolua landu ditu liburuan, bere esperientzia pertsonaletik abiatuta. Prozesu horretan guztian ikasitakoa irakaskuntzarako material moduan prestatzen ari da eta, aurrera begira, doluaren inguruko tailerrak egiteko asmoa daukala adierazi du Beristainek.