Domeka eguerdian egingo dute Emakumearen Egunerako sortu duten koreografia ikasteko lehen saioa
2023/02/10
09:58
eta kitto!
Emakumearen Nazioarteko eguna ospatzeko asmoz, Kaxa mugimendu eta sormen gunean “Kateak apurtzen” izeneko 15 minutuko dantza pieza prestatu dute, martxoaren 4an (zapatua), 13:15ean, Untzagan dantzatzeko. Asmoa egun horretan ahalik eta jende gehien batzea litzateke, denek elkarrekin dantzatzeko. Hori dela eta, jendeak koreografia ikasi ahal izateko, bi entsegu ireki antolatu dituzte: lehena asteburu honetan, domekan, egingo da, 12:30etik 13:30era, eta bigarrena martxoaren 3an, 19:00etatik 20:00etara. Biak izango dira Errebal Plazan eta jendea parte hartzera animatu nahi dute. Kaxa-ko Marta Prolen berbetan, “emakume jaiotzeak zer suposatzen duen irudikatzen hasten gara. Estereotipoek eta presio sozialengatik kateatuta. Kate horiek hautsi eta elkarrekin esnatu nahi dugu. Ahizpatasuna. Amaieran, akelarre bat irudikatzen dugu, emakumeen eskubideak defendatzeko borrokatu zuten emakume guztien omenez. Eta elkarrekin amaitzen dugu dantzan”. Dantza ikasteko bi saio horietaz gain, tutoriala grabatu dute bideoan eta YouTubeko beraien kanalean ikusgai ipini dute koreografia.