Domeka goizean Gabontrailak 9. edizioa beteko du, Santa Kurutzetik Kalamuara igota

Domeka goizean Gabontrailak 9. edizioa beteko du, Santa Kurutzetik Kalamuara igota
2023/12/22 11:07
eta kitto!
Kalamua Korrikalari Taldeak antolatuta, datorren asteko domekan Gabontrailaren edizio berri bat jokatuko da. Goizeko 08:30ean abiatuko dira Klub Deportiboaren aurretik eta, “beti bezala, Santa Kurutzetik Kalamuara igoko gara, Parlamentuan ospakizuna egin eta, ondoren, behera jaisteko”. 15 kilometro eta erdiko ibilbidea osatuko dute parte-hartzaileek eta, kontuan izanda probak zailtasunik ez duela, “bi ordu eta erdi eta hiru orduren artean” amaitzea espero dute. Goranzko desnibel metatua 757 metrotakoa da.

Urteari amaiera emateko aukera bikaina da gaur egun 24an finkatuta duten Gabontraila. Trail irteera hori doakoa da eta edozeinek hartu dezake parte, baina antolaketa lana errazteko beharrezkoa da izena ematea kalamuakorrikalaritaldea@gmail.com helbidean. Antolatzaileek, aurrekoetan bezala, “mendiak federatua egotea edo bere segurua izatea” gomendatzen dute, “nahiz eta ibilbideak zailtasun teknikorik ez duen”. Eta frontala, mugikorra, zira, ura eta jateko zerbait eramatea ere ez da soberan izango.