Domeka honetan Behobia-Donostia, hurrengo zapatuan Asier Cuevas herri-lasterketa

Domeka honetan Behobia-Donostia, hurrengo zapatuan Asier Cuevas herri-lasterketa
2023/11/10 11:40
eta kitto!
Datorren asteko zapatuan, azaroaren 18an, Eibarko Klub Deportiboko atletismo batzordeak antolatutako Asier Cuevas herri-lasterketaren 10. edizioa jokatuko da gurean. Probak, urterokoari jarraituz, zazpi kilometro eta erdi izango ditu eta arratsaldeko 17:00etan hasiko da. Izen-emateak online egin daitezke www.sailkapenak.com web orrian eta baita Klub Deportiboko tabernan, egunero 17:30etik 19:30era. 12 euro balio du eta “korrikalari guztiak daude gonbidatuta, giro bikainean atletismo kutsua emateko herriari”. Animo!

Bestalde, domeka honetan Behobia-Donostia probaren 58. edizioa jokatuko da, eta han izango dira hainbat eibartar ere. 30.000 parte-hartzaileren muga berdindu da beste behin, baina izen-emateak inoiz baino azkarrago itxi ziren, ekainean. Iazko parte-hartzaileen kopurua 808 korrikalarietan gaindituko da orain. Emakumeen parte-hartzea %30etik gertu geratu da. Lasterketaren ibilbidea azken urteetako bera da: 20 kilometro, Behobian hasi eta Donostiako Bulebarrean amaitzeko. Ordutegiak ere iazko berberak dira: esku bizikletakoak irtengo dira lehendabizi, 09:30ean, eta handik bost minutura patinatzaileen txanda izango da. Korrikalariei dagokienez, emakumezkoen proba 09:55ean hasiko da, eta gizonena handik bost minutura, 10:00etan.