Domekan inauguratuko dute Arrate Filatelia Elkarteak antolatutako Exfibar seilu erakusketa
Arrate Filatelia Elkarteak urtero antolatzen duen Exfibar 2024 LV. seilu erakusketak domeka eguerdian zabalduko ditu ateak, Portaleko bigarren solairuko erakusketa aretoan. Aurtengo gai nagusia Filatelia eta antzerkia da, eta erakusketaren harira argitaratu duten katalogoa ere horri buruzkoa da: bertan Eibarko Antzerki Jardunaldiei buruzko informazio ugari jaso dute, argazkiekin batera. Katalogoa formato digitalean eskuratzeko HEMEN sakatu.
Abenduaren 1era bitartean ikusgai egongo den erakusketa prestatzearekin batera, edizio honetarako hautatu duten gai nagusiaren inguruko posta-marka sortu dute aurten ere, eta filatelia-zaleek inaugurazio egunean izango dute hori eskuratzeko aukera, 10:30etik 13:30era, erakusketa aretoan bertan.
Erakusketa honek ordutegi berezia izango duela azpimarratu dute antolatzaileek: astelehenetik barixakura 18:00etik 20:00etara zabalduko dute, eta asteburuetan 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:00etara. Azaroaren 30ean itxita egongo da.