Domekan Kultur Arteko Jaia ospatuko da Untzagan
Martitzenean, hilak 25ean aurkeztu zuten Portalean Gorka Errasti Inmigrazio teknikariak eta Ana Rodríguez Fouz zinegotziak domekan 11.00etatik aurrera Untzagan ospatuko den Kultur Arteko Jaia. Beste batzuetan egindakoaren bidetik, domekan (hilak 30ean) goiz osoan zehar festan parte hartuko duten lurralde ezberdinetako (Maroko, Bolivia, Kolonbia, Ekuador, Brasil, Senegal, Pakistan, Euskal Herria…) produktuen dastaketa eta salmenta egingo dira. Herrialde horiei buruzko informazioa ere eskuragarri ipiniko dute. Horrez gain, Zurrumurruen Txokoa izenekoan jendeak etorkinekin lotuta entzuten dituen zurrumurruak idazteko aukera izango du; haur eta helduentzako tailerrak ere antolatu dituzte (henna tailerra, manikura latinoa, “Idatzi zure izena arabieraz, urdu eta woloferan”); eta horiek guztiak girotzen munduko musika eta dantza erakustaldiak eskainiko dituzte (Lacasiunen eskutik dantza latinoamerikarrak, BATUKEI Eibarko batukada feminista eta M’LONP Senegalgo perkusio taldea). Udalak antolatutako jaialdiak SAFA emakume islamiarren elkartearen, LACASIUN emakume latindarren, Eusko Islamiar Kontseiluaren, URBAT waterpolo taldearen, M’LONP elkartearen eta PAK Bizkaia elkartearen laguntza dauka.