Domekarako 8. Negutraila antolatu dute Kalamuako Korrikalariak-ekoek Silvia Triguerosekin
Hilaren 17an, domekan, eta Klub Deportiboak antolatzen dituen Mendi Jardunaldietako azken aktibitate bezala, Kalamuako Korrikalari Taldeak Silvia Trigueros gonbidatu du Negutrailean parte hartzeko. Trail irteera hori Kalamua aldetik egingo dute, eta ibilbidean zehar geldialdi batzuk egingo dituzte, “Silviari galderak egiteko eta bere esperientzia gurekin partekatzeko”.
Goizeko 08:30ean abiatuko dira Depor aurretik eta hiru bat ordutan egiteko moduko 16 kilometroak osatuko dituzte jarraian, erraza bezala kalifikatutako ibilaldian.
Goranzko metatua 785 metrokoa da eta izena kalamuakorrikalaritaldea@gmail.com helbidean eman daiteke. Ondorengo materiala eramatea gomendatzen dute antolatzaileek: korrika egiteko oinetakoak, mugikorra, zira, ura eta jateko zerbait.
Silvia Trigueros Abadiñon bizi den barakaldoarrak palmares ikaragarria du mendietako probetan. Hirutan irabazi ditu G2H (88 km), Ehunmilak (168 km), Trail Des Citadelles (73 km) eta Tor des Géants (330 km), 2017ko Basque Ultra Trail Series-eko lau probatatik hiru bereganatzeaz aparte. Aurrekoez gain, 2021ean 100 miglia del Monviso (166 km), 2022an Cervino Matterhorn Ultra Race (168 km) eta 2023an Ultra Trail del Lago di Como UTLAC (258 km) probak poltsikoratu zituen.