Donostiako Klasikoaren OCETA talde antolatzaileak zehaztu du ibilbide ofiziala

2024ko edizioak 236 kilometro izango ditu, iaz baino sei gehiago
Donostiako Klasikoaren OCETA talde antolatzaileak zehaztu du ibilbide ofiziala
2024/07/08 16:52
eta kitto!

Izango du berritasunik abuztuaren 8an jokoan izango den Donostiako Klasikoaren edizio berriak. Aipagarrienen artean kokatu dezakegu oraingoan Zurriola etorbidean muntatuko direla azpiegitura guztiak, Boulebarrean izan beharrean probaren irteera eta helmuga Kursaal Biltzar Jauregiaren aurrealdeak hartuko duelako. Horrez gain, azken urteotako Murgileko igoera kendu eta Pilotegin sartu dute Igeldorako igoera berria.

2024ko edizioak 236 kilometro izango ditu, iaz baino sei gehiago, batez ere errepideetan egindako aldaketen eraginez, beti ere txirrindulari eta zaletuen aldeko segurtasunaren bila. Tropelekoek zazpi mendate puntuagarri igoko dituzte: Andazarate, Azkarate, Urraki, Alkiza, Jaizkibel, Erlaitz eta Pilotegi. Azken igoera berri horrek Murgil edo Bordako tontorren antza badu ere, gogorragotzat ere jo dezakegu, bertako maldetan %27raino heldu daitezkeelako. Esprintei begira, txirrindulariek pare bati egin beharko diete aurre: helmugatik lehen aldiz pasatzerakoan lehiatuko dute lehenengoan, eta kontrahelmugatik igarotzean aurkituko dute bigarrena.