Donostiako Zinemaldiko ludoteka zerbitzua publiko orokorrarentzat zabalik egongo da Eibarko Zorionak ludotekaren eskutik
2023/09/19
17:18
eta kitto!
Bosgarren urtez jarraian Eibarko Zorionak Ludoteka Donostiako Zinemaldiko “Puxika Gorria” ludotekan egongo da lanean Donostiako Zinemaldiak irauten duen bitartean (irailaren 22tik 30era). Aurreko edizioetan bezala, Puxika Gorriak 120 metro karratuko espazioa izango du San Telmo Museoan. Familia eta lanaren arteko kontziliazioa sustatzeko asmoz, akreditatutako pertsonen seme-alabei eta Zinemaldiaren antolakuntzako langileei zuzenduta egongo da zerbitzua. Baina, horrez gain, berrikuntza gisa, ludoteka zerbitzua publiko orokorrarentzat irekiko da zapatuan, hilak 23, eta domekan, hilak 24, arratsaldez. Zapatu edo domekako Zinemaldiko saioetako baterako sarrera izanez gero, hiru ordu eskainiko dira -15:00etatik 18:30era- doako ludotekan (edukiera bete arte). Sei hilabete eta 12 urte bitarteko haurrentzako gunea izango da.
Zerbitzua erabiltzeko ezinbestekoa da aldez aurretik plaza erreserbatzea, formulario bat betetzea eta erositako sarrera aurkeztea. Horretarako zuzenean Zorionak ludotekako arduradunekin harremanetan jar zaitezke, 688876518 telefono zenbakira deituz, edo ludotekazorionak@gmail.com helbide elektronikoaren bidez.