Donostian fusilatu zituzten eibartarren senideei deia
Altxamendu frankistan eta ondorengo urteetan Donostian fusilatu zituztenak gogoratzeko omenaldia prestatzen ari da Donostiako udala eta, ekitaldi hori dela eta, Eibarko udalari laguntza eskatu dio, hiri hartan fusilatu zituzten eibartarren senideekin hartu emanetan ipini ahal izateko. Udalak Donostian fusilatu zituzten 371 pertsonen izen-abizenak jasotzen dituen zerrenda bidali die (www.donostia.org/bakearenetxea webgunean ikusgai) eta orain herritarrei dei egiten diete, "zerrenda horretan egon daitezkeen eibartarren senide zareten guztioi, baita ere Donostian fusilatuak izan arren zerrenda horretan agertzen ez direnenei, omenaldi horretan parte hartu nahi izanez gero, kontakturako datuak Eibarko udaletxean emateko". Datuak alkatetzan, udaletxeko 1. solairuan jasoko dituzte (Ana Telleria alkatearen idazkariagatik galdetu), apirilaren 15a baino lehen.