EAJ-k gudariei omenaldia egingo die apirilaren 25ean
Gaur goizean Batzokian eskainitako prentsaurrekoan azaldu dutenez, Eibarko EAJ-k gudariei omenaldia eginda gogoratuko ditu Eibarko bonbardaketak, sutea eta suntsiketa, hain zuzen ere bonbardaketaren 75. urteurrena beteko den egunean bertan, apirilaren 25ean. Miren Sojok eta Eva Juezek egunerako antolatu dituztenen berri eman dute agerraldian: 11.30etan agintariei, gudariei, omendutakoen senideei eta beste guztiei harrera egingo zaie Untzagan eta 12.00etan ikurriña igoko dute bertan. Jarraian, kandela bat ixotu eta Gerra Zibilean hildakoak gogoratzeko ohorezko aurreskua dantzatuko da. 13.00etan, berriz, agintari eta ordezkari jeltzaleek oroigarria oparituko diete omendutakoei. Ekitaldian, besteak beste, Iñigo Urkullu eta Joseba Egibar egongo direla aurreratu dute. Horien ostean, nahi duenak Batzokian egingo den bazkarian parte hartzeko aukera izango du, aldez aurretik 943120616 telefonora deituta izena emanda, plazak mugatuak dira-eta. Bazkariaren prezioa 20 eurokoa da.
Jeltzaleek esan dutenez, "hasieran ekitaldia Ego Gainen ospatzea pentsatu genuen, botatako bonba batek bertan 56 lagun hil zituelako, baina erosotasunari begira Untzaga egokiagoa zela erabaki genuen".
Datorren asteko ekitaldiaz gain, gerra sasoian gertatutakoaren inguruko oroitzapenak etorkizunean ere islada izatea nahi dutela argitu dute eta, horren harira, gertatutakoa gogoratzeko plaka ipintzekotan direla esan dute, "tokia oraindik erabakitzeke" badago ere. Horrez gain, bonbardaketak gogoratzen dituen bideoa sortu eta www.eibargaratuz.com webgunean zintzilikatu dute, nahi duenak ikusteko moduan.