EAJ-PNV udal-taldeko Amaia Albizu eta Josu Mendicute zinegotziek karguari uko egin diote gaurko osoko bilkuran

Albizuk ez du adierazpenik egin nahi izan, baina Mendicutek bere esker ona azaldu nahi izan die hainbati, agur esan aurretik.
EAJ-PNV udal-taldeko Amaia Albizu eta Josu Mendicute zinegotziek karguari uko egin diote gaurko osoko bilkuran
2024/10/28 23:33
eta kitto!

Gaur arratsaldean egindako Udalaren ohiko osoko bilkuran Eibarko EAJ-PNV udal-taldeko Amaia Albizu Llubiak eta Josu Mendicute Rodriguez zinegotziek karguari uko egin diote. Amaia Albizuk ez du adierazpenik egin nahi izan, baina gaur arte jeltzaleen udal taldeko bozeramailea izan den Mendicutek, agur esan aurretik, bere esker ona azaldu nahi izan die hainbati. Udaleko langileak izan dira lehenarikoak eskerrak emateko zerrendan. Eibarko EAJ-PNVri ere bere esker ona adierazi dio, besteak beste alkategai bezala birritan konfidantza berarengan ipintzeagatik, eta “abertzale bezala eskertuta” azaldu da. Eibarko herriari ere bere esker ona adierazi dio: “Ohore handia izan da herri honentzat lan egiten aritzea. Kargu publiko baten gaudenok onena eman behar dugula uste dut, eta politikatik bizitzea gauza zirkunstantzial bat izan behar dela. Eta politikarako bizitzea dela dagokiguna udalean lanean gauden bitartean, beti emandako hitza errespetatuz”.
Urte hauetan bidelagun izan dituen taldekideak ez ditu ahaztu: “Ez nuke nahi bukatu nire udal taldekide izan direnei eskerrak eman gabe, bide ilunetan askotan itsas-argi izan zarete. Askotan, itsaso bortitzetan, arraunlari ere bai, eta ez dut inoiz ahaztuko zuekin hemen Eibarren alde emandako etapa hau. Etapa bat itxi egiten da, ulertzen dut ez dagokidala neri etapa horretan Eusko Alderdi Jeltzalearen lidergoa edukitzea, uste dut etapa berri bat irekitzen dela udal honetan, eta benetan espero dut orain arte egon dena baino jarrera irekiagoa egotea desberdin pentsatzen dutenen ideiak aintzat hartzeko, benetako elkarlanerako kultura bat egotea gobernuaren eta oposizioaren artean. Zorte ona desio dizuet guztiei, uste dut zuen zorte ona Eibarko herriaren zorte ona izango dela”
Barkamenak ere eskatu ditu, “uste dutenentzat hemen geratu beharko nintzakeela amaierara arte. Barkamenak bukatu barik geratu diren hainbeste gauzatarako, baina pentstazen dut agur esateko momentua iritsi dela. Niretzat ohore handia izan zen zinegotzi akta estreinekoz onartzea, 2015ean. Orduan sekula pentsatuko ez nuena izango zen harik eta ohore handiagoa izango zela zinegotzi aktari uko egitea. Uste dut jakin egin behar dela noiz zein den zure lekua, eta gure lekua hemen amaitzen da. Agur”.

Albizu eta Mendicute, udalbatza aretotik kanpora joan direnean.