EAJ-PNVk Eibarko haur-parkeak berritu eta espazio estali berriak sortzea proposatu du

EAJ-PNVk Eibarko haur-parkeak berritu eta espazio estali berriak sortzea proposatu du
2026/02/11 11:28
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko EAJ-PNV udal taldeak hiriko haur-parkeak hobetu, handitu eta berriak sortzeko proposamena aurkeztu du, haur guztientzat egokitutako jolasgune “erakargarri, atsegin eta entretenigarriak” diseinatzeko helburuarekin. 

Jeltzaleen arabera, gaur egun dauden parkeak txikiak dira eta antzeko jolasak dituzte gehienek; horregatik, jolas fisikoak, sormen-jokoak, gizarte-jolasak eta zentzumen-jokoak uztartuko dituzten espazio berritzaileak beharrezkoak direla uste dute. Halaber, espazio estaliak sortzearen garrantzia nabarmendu dute, bai dagoeneko dauden guneak egokituz, bai estalitako jolasgune berriak aztertuz.

Proposamenak ingurumenaren ikuspegia ere kontuan hartzen du: naturarekin bat datozen espazioak planifikatzea, landaredia zainduz eta birziklatzeko zaborrontziak jarriz. Era berean, jolasguneek helburu pedagogikoa izan dezaketela azpimarratu dute, adibidez, trafikoari eta mugikortasunari lotutako jolas-eremu txikiak sortuz.

Neurri zehatz gisa, Ardantza parkean tirolina bat jartzea proposatu dute, eta Txaltxa Zelain dagoeneko martxan dauden ur-jolasen esperientzia positiboa dela ikusita, antzeko gune gehiago sortzea planteatu dute, batez ere egun beroetarako.

Azkenik, haur-parkeak haur eta familien topagune direla gogorarazi dute, eta euskararen presentzia eta erabilera zaintzea funtsezkotzat jo dute, haurrak txikitatik euskaraz bizi eta jolastu daitezen.