Eibarko EAJ-PNVk eta EH Bilduk gardentasun falta egotzi diote PSE-EEri Orbea kiroldegiko legionela auziagatik

Eibarko EAJ-PNVk eta EH Bilduk gardentasun falta egotzi diote PSE-EEri Orbea kiroldegiko legionela auziagatik
2026/05/15 12:30
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Orbea kiroldegiko dutxen itxieraren atzean legionela agerraldia egon dela jakin ostean, Eibarko EAJ-PNVk eta EH Bilduk gogor kritikatu dute PSE-EEren gobernu-taldearen kudeaketa eta informazio falta. Bi alderdiek prentsa-oharrak bidali dituzte azken orduetan, eta biek ala biek gardentasun eza, informazio falta eta gertatutakoaren larritasuna gutxiesteko jarrera egotzi diote udal gobernuari.

EAJ-PNVren ustez, “larria eta onartezina” da osasun publikoari zuzenean eragiten dion gai baten inguruan ez oposizioari ez herritarrei behar besteko informaziorik eman izana. Jeltzaleek azpimarratu dute legionela ez dela “administrazio-arazo huts bat”, pertsonen osasuna arriskuan jar dezakeen auzia baizik, eta horrelako egoerek administrazioa “gardentasunez eta zorrotz” jardutera behartzen dutela. Horren harira, EAJ-PNVk gogorarazi du Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak berak adierazi duela “legionela kasu baten aurrean, Udalak egoera horren berri eman behar die erabiltzaileei”. Horregatik, azalpen zehatzak eskatu dizkiote gobernu-taldeari: arazoa noiz detektatu zen, zer neurri hartu ziren, zer protokolo aktibatu ziren eta zergatik ez zitzaien informazioa garaiz helarazi udalbatzari eta erabiltzaileei.

Gainera, EAJ-PNVk udal kirol instalazioen egoera ere jarri du mahai gainean. Alderdiaren esanetan, Orbea, Ipurua eta Unbe bezalako instalazioek “narriadura nabarmena” dute urteetako mantentze eta inbertsio faltaren ondorioz, eta egoera hori ezin dela gehiago albo batera utzi ohartarazi dute.

EH Bilduk ere “opakutasuna” eta “egiarekiko falta” egotzi dizkio PSE-EEri. Koalizioak azaldu du azken hilabeteetan behin baino gehiagotan galdetu duela Orbea kiroldegiko dutxen itxieraren arrazoien inguruan, bai udal batzordeetan bai publikoki, eta, egoera ikusita, Rebeka Uberaren bidez Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari informazioa eskatu ziola.

EH Bilduren arabera, Osasun Sailaren erantzunak baieztatu du otsailaren 23an legionela kontzentrazio handiak atzeman zirela instalazioan: 60.000 ufc/L-ko neurketak egin ziren, indarrean dagoen araudiak berehala esku hartzera behartzen duen mugaren gainetik. Koalizioaren esanetan, Osasun Sailak berak instalazioa gelditzeko agindua eman zuen, erabiltzaileentzat “arrisku potentziala” zegoelako, eta egoeraren berri erabiltzaileei emateko eskatu zuen.

EH Bilduren ustez, ordea, hilabeteetan “informazio garrantzitsua ezkutatu” zaie herritarrei eta oposizioari, eta gertatutakoaren larritasuna “gutxietsi” egin da etengabe. Horregatik, udal gobernuari eta PSEri “aitzakiak alde batera uzteko” eta erantzukizun politikoak hartzeko eskatu diete.

Bi alderdiek azpimarratu dute herritarrek kudeaketa arduratsua, gardena eta osasun publikoarekin konprometitua merezi dutela.