EAJ-PNVk neurri gehiago proposatu ditu Eibarren delitu-errepikapenari aurre egiteko

Udalaren ondasunei eragiten dieten delitu-errepikapenak gertatzen diren prozeduretan Udalak akusazio partikular gisa parte hartzea proposatu dute jeltzaleek.
EAJ-PNVk neurri gehiago proposatu ditu Eibarren delitu-errepikapenari aurre egiteko
2026/09/30 15:41
Silbia Hernandez Arrazola

Eibarko EAJ-PNVk proposatu du Udalak akusazio partikular gisa parte hartzea udalaren ondasunei eragiten dieten delitu-errepikapeneko prozeduretan, hiriko segurtasuna eta bizikidetza indartzeko. Ekimen hau aurreko asteko proposamenari gehitzen zaio: Eibarko Udaltzaingoak SIRAJen, Justizia Administrazioari Laguntzeko Administrazio Erregistroen Sisteman, sartzeko aukera izatea. Jeltzaleen arabera, informazio hori zuzenean eskuratzeak jarduketak azkartuko lituzke, besteak beste, urruntze-aginduen, agindu judizialen edo bilaketa aktiboan dauden pertsonen kasuetan.

Alberto de la Hoz EAJ-PNVko bozeramailearen esanetan, Udalak “eskura dituen tresna guztiak” erabili behar ditu delituak behin eta berriz egiten dituzten pertsonen aurrean Justiziaren jarduna bultzatzeko. Gaineratu duenez, “orain zehaztu behar dugu zein bide jarraituko den horretarako: Udaleko aholkularitza juridikoaren bidez edo Udaltzaingoaren bitartez. Hori gertatzeko prozedura ezartzeak eta Eibarren delituak behin eta berriz egiten dituzten pertsona jakin batzuen aurrean Justiziak jardutea lortzeak hiri seguruagoa izatea ekarriko du”.