EAJ-PNVk Udaltzainburuaren kargugabetzea kritikatu eta alkatearen jardun unilaterala salatu du
EAJ-PNVk publikoki adierazi du ez dagoela ados Udaltzainburuaren kargugabetzearekin, eta salatu du erabakia alkateak modu unilateralean hartu duela, Udal Gobernu osoarekin aurrez adostu gabe. Jeltzaleen arabera, prozesuak gardentasun falta nabarmena izan du.
Alderdiak kritikatu du ez direla publiko egin kargutik kendutako arduraduna ez berritzeko benetako arrazoiak, haren lanaldia beste bi urtez luzatzeko aukera bazegoenean. Horrez gain, nabarmendu dute erabakia ez dela gobernu-bazkideen artean kontrastatu, ezta Pertsonal Batzordean landu ere, eta horrek jarduteko modu opakoa agerian uzten duela.
EAJ-PNVren ustez, kargugabetzea irizpide politikoek bultzatua izan da. Alderdiaren hitzetan, ez da azalpen objektiborik edo ebaluaziorik eman erabakia justifikatzeko, eta gogorarazi dute halako erabakiek —herritarren segurtasunean zuzenean eragiten dutenek— zorroztasuna eta oinarri tekniko sendoak behar dituztela.
Jeltzaleek, halaber, alkateak emandako azalpenak ere baztertu dituzte. Zehazki, azken adierazpenetan erabilitako argudioa gaitzetsi dute, hau da, Eibarrek “orain hobeto funtzionatuko duela etxeko aginte bat izango duelako”. EAJ-PNVren iritziz, azalpen hori desegokia eta oinarririk gabea da, eta nabarmendu dute lehentasuna profesionaltasunak, prestakuntzak eta Eibarko segurtasuna benetan hobetzeko gaitasun errealak izan behar dutela.“Profesional onenak nahi ditugu, prestatuen dauden pertsonak”, adierazi dute.
Alderdiak kezka agertu du, gainera, “etxeko jendea” lehenestearen aitzakiapean iraganeko inertziak betikotzeko arriskuaz. Testuinguru horretan, trafiko arloa EAJ-PNVren esku dagoela gogorarazi dute eta kendu berri duten udaltzainburuaren lana goraipatu dute: "azken urtebetean, besteak beste, Mugikortasun eta Trafiko Batzordeko idazkari izan da, Herritarren Segurtasun Foroan parte hartu du eta trafikoa kontrolatzeko lehen kamerak kokatzeko lanetan aritu da, Ertzaintzarekin elkarlanean".
Horregatik, jeltzaleen ustez, kontraesankorra da alkateak orain trafiko-kameren sistemaren etorkizuneko hobekuntzak balioan jartzea, lan-ildo hori bera kargugabetutako arduradunaren gidaritzapean bultzatu baitzen.
Azkenik, EAJ-PNVk segurtasun-politika profesional, planifikatu eta lankidetzan oinarritu baten aldeko konpromisoa berretsi du, eta alkateari azalpen argiak, gardentasuna eta leialtasuna eskatu dizkio, bai Udal Gobernuarekiko, bai Eibarko herritarrekiko.