EAJ pozik, aurrekontuaren inguruan PSE-rekin lortutako adostasuna dela-eta
Gaur (martitzena, hilak 28) Batzokian egindako agerraldian, Iñaki Zuloagak "positibotzat" jo du 2014rako udal aurrekontuaren inguruan jeltzaleek sozialistekin lortu duten adostasuna dela-eta. Horrekin batera, otsailean aurrekontua onartzeko egingo den plenoan EAJ-ko ordezkariek kontrako botorik ez dutela emango aurreratu du. Aurrekontuaren inguruko negoziazioan, Arrate Bideko txaletetatik Itzio ikastolaraino espaloia egiteko aktuazioan PSE-rekin elkarlanean jardungo dute lanak ordaintzeko dirua instituzioengandik eskuratzeko orduan. Horrez gain, alderdi bien arteko adostasunak elkarrekin hitzartutako sei emendakinetan izango du isla: Untzaga-Txaltxa Zelai eta Eibarko Txikito-Txaltxa Zelai bitarteko eskailera mekanikoak estaltzea; herriko hainbat puntutan oinezkoentzat jasotako pasabideak egiteko horri dagokion partida 20.000 eurotan handitzea; Birjiñapen dagoen pegorakoentzat kalerako sarbidea errazteko aldapa egiteko aukerak ikertzea; Toribio Etxebarria kalean Errebalgo aparkalekuaren pareko doaneko OTA sistema ezartzea (40.000 euro); Memoria Historikoaren ibilbidean seinalizazioa ipintzen hastea; eta kale eta parkeak garbi egoteko herritarren artean kontzientziazioa lantzeko kanpaina abiaraztea (6.000 euro).
Zuloagak alderdi bien arteko negoziazioan izandako "giro ona" azpimarratu du: "Batetik, Legebiltzarrean alderdi bien arteko adostasunari esker Eibarrek mugikortasunean inbertitzeko 3'1 milioi euro jasoko ditu. Bestalde, 2012an hartutako konpromisoen harira iaz betetzeke zeuden hainbat gairi gogotsu heldu diete sozialistek eta, horri esker, anbulategi parean trafikoa lur azpitik joateko proiektua, Plan Estrategikoa eta Errebalerako proposamen berria martxan daude". Agerraldia amaitu aurretik, Bilduk aurkeztutako proposamenen inguruan oso kritiko agertu dira jeltzaleak.