Ederki ibili dira asteburuan, Santa Kurutzeko jaiak ospatzen

Aurreko domeka (maiatzak 3) Santa Kurutz eguna izan zela eta, bezperan hasi ziren hori ospatzen Gorosta eta Mandiola auzoko baserritarrak, goizean goizetik.
2026/05/05 19:57
Silbia Hernandez Arrazola

Zapatuan (maiatzak 2) Santa Kurutzeko ermitan meza ospatu eta, jarraian, bertaratu ziren guztiek hamaiketako ederra jan zuten, Imanol Astiasaran eta Unai Andonegi trikitilariek girotuta. Eguerdian haurrentzako jolasak egin zituzten, besteak beste, eta herri-kirol erakustaldi bikaina eskaini zuten Oihana Fernandez de Barrena, Julen Alberdi, Jon Unanue ‘Goenatxo III’ eta Ainitze Zumetak. Ondoren, bazkaria egin zuten, Ixua jatetxean eta, ondoren, erromeria egin zen, Astiasaran eta Andonegik girotuta berriz ere. 
Santa Kurutz eguna ere ekitaldiz beteta egon zen. Goiztiarrenak oinez igo ziren Santa Kurutzera, Urkizuko iturritik abiatuta. Meza eta hamaiketakoa amaituta, Kezka dantza taldearen eta Usartza txistulari taldearen eskutik, dantza emanaldia egin zen. Eta haurrek ondo baino hobeto pasatu zuten Potx pailazoaren ikuskizunarekin. Eta, asteburuko ospakizunak amaitu aurretik, jai hauetan ohitura bihurtu den txapel-jaurtiketa egin zuten.
Santa Kurutzeko Jai Batzordeak antolatutako egitaraua zapatuan, maiatzaren 9an amaituko da, Xabat eta Joanes Illarregi bertsolariekin Depor tabernan egingo den bertso-afariarekin (20:30ean hasiko da).