Edukiontzi marroietako hondakin desegokiak murrizteko, ingurumen hezitzaileak egongo dira edukiontzi puntuetan
2023/04/20
09:43
eta kitto!
Urtarrilean, astebetean zehar, edukiontzi marroiarekiko birziklapen ohituren azterketa egin zuen Mankomunitateak herriz herri, eta 62 puntu kritiko identifikatu zituen, non urtean zehar ehunka poltsa desegoki agertu diren. Orain, Debabarrenan gaikako bilketa hobetzeko helburuarekin, edukiontzi marroian agertzen diren hondakin desegokiak murrizteko sentsibilizazioa sustatzeko, bi hezitzaile ari dira eskualdeko herrietako edukiontzi puntu kritiko horietan informazioa banatzen eta herritarrek gaikako bilketaren inguruan dituzten zalantzak argitzen, apirilaren 17tik hasita maiatzaren 19ra arte.
"Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin finantzatutako jarduera da. Batez ere, edukiontzi marroira bota ezin daitezkeen hondakinak zeintzuk diren azpimarratzea da helburua, ohiturak aldatzeko", azaldu dute Mankomunitatetik. Horrez gain, gaikako bilketaren inguruko eskuorri informatibo bat ere banatuko zaie herritarrei.
Apirilaren 26ra arte Eibarko edukiontzien puntuetan egongo dira, apirilaren 26 arratsaldetik 28ra bitarte, aldiz, Soraluzen. Maiatzaren 1eko astea Ermuako edukiontzien puntuetan egingo dute, eta Maiatzaren 8ko astea Elgoibarren. Azkenik, Maiatzaren 15etik 17ra Mutrikun egongo dira eta 17 arratsaldetik 19ra Deban.