Eguaztenean ekingo zaio Martxoak 8ko egitarauari, enplegu tailerrarekin

Eguaztenean ekingo zaio Martxoak 8ko egitarauari, enplegu tailerrarekin
2012/02/27 00:00
eta kitto!

Martxoak 8 Emakumearen Nazioarteko Eguna dela-eta, Eibarko emakumeen elkarteak batzen dituen Andretxeak eta Eibar Zabalik-ek hainbat ekimen antolatu dituzte, Udalarekin, Juan San Martin Liburutegiarekin eta Antzerki Jardunaldien antolatzaileekin lankidetzan. Martxoak 1erako (11.00etatik 13.00etara) eta 27rako (16.00etatik 18.00etara) bereziki emakumeei zuzendutako enplegu tailerra emango dute KZgunean (Portalean), liburutegiak antolatuta. Oraindik ere eguazteneko tailerrerako toki libreak daudela azaldu dute antolatzaileek eta interesa dutenek liburutegian eman beharko dute izena (943708437 telefono zenbakian).
Martxoak 4, 5 eta 6an, berriz, emakumezkoekin lotutako antzezlanak eskainiko dituzte 35. Antzerki Jardunaldien testuinguruan. Lehenengo egun bietan, 20.30etan Coliseoan "Querida Matilde" taularatuko dute eta 6an, 20.30etan ere baina Hezkuntza Esparruko aretoan "Negra". Hurrengo egunean, 7an, dokumentala eta mahai-ingurua egingo dituzte Portalean, 19.00etatik aurrera: saioan "Angeles de la guarda" diaporama eta Oskar Tejedorrek zuzendutako "Compañeras de viaje" dokumentala emango dituzte.
Martxoak 8an bertan, berriz, 11.00etatik 13.00etara eta 16.30etatatik 18.30etara, Eibarko Emakumeen Mugimenduak antolatuta, Untzaga plazan informaziorako karpa moreak egongo dira martxan eta bertan Andretxea eta Eibarko Emakumeen Mugimendua, feminismoa eta Martxoak 8a eta emakumea Eibarren moduko gaiei buruzko informazioa emango dute. Horrez gain, 13.00etan Untzagan elkarretaratzea egingo da "Krisiak ez ditzala emakumeen lan eskubideak zapaldu" izenburuari jarraituta.
Bestalde, Juan San Martin Liburutegiak informazio topagunea izango du martxan martxoaren 8tik 31ra liburutegian bertan "Emakumeak: Nobel Sariak" izenburupean. Eta martxoaren 9an hasi eta apirilaren 1era bitartean, Susana Jodraren "Taldeko mugimendutik bakardadeko gelditasunera" erakusketa hartuko du Portaleak. Egitaraua biribiltzeko, martxoaren 13an 19.00etatik 20.30etara María Silvestre Cabrera Emakundeko zuzendariak hitzaldia emango du areto nagusian, “Mujeres, empleo y empresa: ¿por qué persiste la desigualdad de oportunidades?” izenburuari jarraituta.