Eguaztenean hasiko da Gabonetako kanpaina, 18:00etan Errebalen argiak piztearekin batera
Herriko merkataritza eta ostalaritza bultzatzea helburu duen kanpaina eguaztenean hasiko da, Gabonetan kaleak apainduko dituzten argiak ofizialki piztearekin batera. Errebalen izango den ekitaldia 18:00etan hasiko da, bertan ipini duten sei metroko arbolaren argiak piztearekin batera. Jarraian txokolate-jana egongo da. Jaietarako argiztapena Eibarko Udalak, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak eta Eibar Merkataritza Gune Irekiko bazkideen kuotek ordaindu dute.
Aurkezpenean esan dutenez, “urtero bezala, Gabonetako argiztapenaz eta barrakez gain, Astelena Haur Parkea (Txikipark) ere egongo da. Aurtengo berritasuna Untzaga plazan ipiniko duten Gabonetako txirrista izango da”. Gaurko agerraldian Gabonetako kanpaina honek merkataritzan eta ostalaritzan duen garrantzia azpimarratu dute,“establezimenduei salmentak hobetzeko aukera ematen baitie. Aldi berean, kanpainan programatutako jarduerek bizitasuna eta kolorea ematen diote herriari, eta jendea erosketak Eibarren egitera animatzen dute. Zentzu horretan, Eibar Merkataritza Gune Irekiak ezarritako helburu nagusia mantentzen da, alegia, merkataritzaren eta ostalaritzaren ikuspegitik Eibar leku erakargarri gisa bultzatzea eta sendotzea”.
Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatuaren ustez, “Gipuzkoan, turismoaren goraldi-une batean gaude, eta, horregatik, Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako Departamentutik horrelako ekimenak babesten ditugu. Halako ekimenek, gipuzkoarrei plan-aukera zabala eskaintzeaz gain, garatzen ari garen turismo-estrategian sakontzen laguntzen digute. Izan ere, garatzen ari garen estrategiaren helburua zera da: bisitarien fluxuak ez daitezela sasoi eta helmuga bakarrekoak izan, hala, industria turistikoak dituen onurak jende gehiagorengana irits daitezen”.
Esan dutenez, Astelena Haur Parkea, eta Untzagan jarriko den Izotz-txirrista izango dira jarduerarik erakargarrienak EMGIren Gabonetako kanpainan. Eibarko Udalak eta EMGIk antolatuta eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak diruz lagunduta, Astelena Haur Parkeak 2024ko abenduaren 7an (larunbata) irekiko ditu ateak, eta 2025eko otsailaren 15era arte egongo da zabalik. Eta izotz-txirrista, berriz, abenduaren 20tik urtarrilaren 6ra arte egongo da martxan. Bietara doan sartu ahal izango da, kanpainan parte hartzen duten establezimenduetan emango diren bonuak aurkeztuta (gutxienez 20 euroko erosketa egin beharko da bonu bat lortzeko). Jarduera hauetan interesa duten Eibarko merkataritza-establezimendu guztiek parte hartu ahal izango dute, bai EGMIko kideek bai kide ez direnek. Horretarako, elkartean ez dauden establezimenduek telefono hauetara deitu beharko dute: 943-254083 edo 943-206669.
Barrakak ere ipiniko dituzte, herriko hiru tokitan: Txaltxa Zelaian, Urkizun eta anbulatorio pareko parkean. Barraken prezioa euro batekoa izango da, bonua entregatuta.
Foru Aldundiaren babesari esker, bestalde, aurten argiztapena indartuko dutela nabarmendu dute: “Batetik, bost metroko errotuluak jarriz Eibarko bi sarreretan, ‘Zorionak’ hitzarekin eta, bestetik, Untzagan bederatzi metroko arbola bat jarriz. Horrez gain, Selfies Gabonak Eibarren izeneko lehiaketa antolatu dugu. Parte hartzeko, selfie bat bidali beharko da, #GABONAK traolarekin. 500 eurotan baloratutako otar bat zozketatuko da, Coliseoaren Laguna 2025 bi txartel, eta Erosi Eibarren txartelak. Halaber, abenduaren 9tik aurrera, erosieibarren.eus-en Oparitu Txartela kanpainako txartel bat eskuratzen dutenek zozketa batean parte hartuko dute eta 500 euroko txartel bat, 250 euroko bi txartel, eta 100 euroko 10 zozketatuko dira”.