Egun hauetan musikak ez du etenik izango
Kontzertuekin hasiko dugu zerrenda eta ez dugu asko itxaron beharko, gaur bertan saio bikoitza edukiko baitugu. 21:30etik aurrera, Untzagan, Maialen Ibarra igoko da lehenik oholtzara eta Kaparrak taldea gero. Ibarra pop eta pop-rock doinuen artean mugitzen da eta ’16 segundu’ izeneko diskoa kaleratu zuen iaz kolaborazio esanguratsuekin: Kirmen Uribe, Eider Saez eta Mon Dvy. Kaparrak, ostera, beste kontu bat da. Aretxabaletako taldeak ‘runba abstraktua’ lantzen du, eurek diotenez, eta Euskal Herria konkistatu dute Los Delincuentes taldearen izpiritu ‘garrapateroa’ zabalduz (hortik euren izena).
Horien ondoren, 00:45etik aurrera, Sobak antolatuta, Emeka rap abeslari eibartarrak kontzertua eskainiko du (artista gonbidatuekin) eta Unai Santos, Oru eta Txima DJ- ek emango diote amaiera gauari (edo ongietorria egunari, 05.00 inguruan amaituko da-eta).
Bihar, iluntzeko kontzertuen aurretik, sanjuanetako ikurretako bat den Africa Baj Yay taldearen erritmo dantzagarriaz gozatu ahal izango dugu, 19:00etatik aurrera, herrian zehar egingo duten kalejiran. Ondoren, sanjuanetako plater nagusia etorriko da. 21:30etik aurrera, Jonkass zornotzarrak berotuko du eszenatokia lehenik. Bizkaitarra estilo anitzetan mugitzen da, dantzagarriak guzti-guztiak. Eta bere atzetik, aurtengo izarra, Leire Martinez. Errenteriarrak La Oreja De Van Gogh taldean egin du bere ibilbidearen zatirik handiena, baina 2024an, 16 urte eta gero, taldetik atera zen eta bakarka dihardu orain, bere ahotsak urradurarik ez duela erakutsiz. Gauarekin amaitzeko, San Juan DJ Fest delakoa antolatu dute 00:45etik aurrera.
Hori guztia jaien aurreko eskaintza besterik ez da, beraz, pentsa zer etorri daitekeen gero. Hori bai, jaien egun ofizialetan, kontzertu gutxi, baina kalitate handikoak eta, esan beharra dago, mitikoak ere. Izan ere, zer izango litzateke San Juan bezperako gau bat Liskerren berbenarik gabe? Ba bertan izango dira 00:30etik 04:00etara Untzaga plazan. Eta Jainaga eta Narbaizarik gabe, zer? Ba eurak ere jaietan izango ditugu, hilaren 24an, 22:00etan, Untzagan ere. Baina ez ahaztu Jamaica Show, hainbat urteetan milaka doinu ekarri dizkigun taldea! Ba eurak ere 24an izango dira gurean, 01:15etik 03:00etara.
Musika herri osora
Kontzertuekin amaitzeko, Eibarko Musika Bandari buruz egin behar dugu berba. Izan ere, bi saio berezi eskainiko ditu jaietan (23ko suan San Juan ereserkia jotzeaz gain), bata hilaren 24an eta beste 25ean. 24ko kontzertua 12:45ean hasiko da, Toribio Etxebarria kalean (“eguraldi txarra egingo balu, udaletxeko arkupeetan, eta txarra bero sargoria ere izango litzateke”, Andoni Vazquez zuzendariak esan digunez), eta ohikoa izaten den San Juan Kontzertua izango da. 25ekoak, berriz, beste kutsu bat izango du, zinematografikoagoa. Izan ere, 22:00etatik aurrera, John Williams konpositorearen soinu-banden kontzertua emango du Untzagan, pelikulen irudiek lagunduta.
Herriko kaleetan zehar ibiliko den Africa Baj Yay aipatu dugu lehen, baina ez da kalejirak egingo dituen talde bakarra. Hilaren 23an, txupinazoaren aurretik, Usartza Txistulari Bandak Sanjuanetako Zortzikoa eskainiko du 11:00etatik aurrera Untzagatik hasita; eta 12:00etan, Ustekabe herriko kuadrillekin batera jaitsiko da Urkizura, gero dultzaineroei ongietorria egiteko. Baina ez da Ustekaberen saio bakarra izango, 15:30etik aurrera ere kalejira egingo baitu, eta nagusien eta umeen danborradan ere egongo da.
Ustekabez gain, Irulitxa Ermuko fanfarrea ere kalejiran izango dugu hilaren 23an, 19:30etik aurrera, Untzagatik irtenda. Eta hurrengo egunean, 20:00etan, Latuna Bando eibartarrak ibiliko dira kalejiran Bizikleta Plazatik abiatuta.
Gaupasa egin ondoren indarra dutenek (eta iaz horrelako asko zeudela ikusi genuen) edo goiz altxatzen direnek, Lizarrako Dultzaineroen atzetik kalejiran ibiltzeko aukera izango dute. Horrela, 09:00etan irtengo dira kalera hilaren 24an eta 25ean.