Eguraldi kaskarrak ezin izan zuen Gabontrailarekin

Hurrengo irteera martxoan izango da, Mendi Jardunaldien barruan
Eguraldi kaskarrak ezin izan zuen Gabontrailarekin
2025/01/03 13:05
eta kitto!

Abenduaren 24ean Eibarko mendi korrikalariek amaiera bikaina eman zioten urteari Gabontrailean. Nahiz eta eguraldiak ez lagundu (euria, haizea, lainoa eta lokatza ez zen falta izan), jende asko animatu zen parte hartzera dagoeneko ohitura bihurtu den urte amaierako trail irteeran.

Hamargarren edizioa izan den honetan ohiko ibilbidea egin zuten, guztira 14,7 km eta 719 metroko igoera metatuarekin. Klub Deportiboaren egoitza aurretik abiatu, Estaziño kaletik bariantera, bariante azpitik Santa Kurutzera, Usartza, Akondia baserritik Akondiako lepora eta zuzenean Kalamuara. Kalamuan laino eta haize artean taldeko argazkia atera zuten eta Parlamentura jaitsi ziren kaba eta turroiaz gozatzera. Topa egin ondoren, ohiko bidetik Usartzara joan ziren, igoerako bidetik Eibarrera jaisteko. Partaide eta antolatzaileen artean giro bikaina sortu zen, denak gustura amaituz.

Hurrengo irteera martxoan izango da, Klub Deportiboko Mendi Taldeak urtera antolatzen dituen Mendi Jardunaldien barruan.