Eguraldiak hainbat arazo eragin ditu

Eguraldiak hainbat arazo eragin ditu
2015/02/05 00:00
eta kitto!

Elurrak hainbat arazo sortu ditu gure herriko kaleetan, batez ere goiko auzoetan. Atzo (eguaztena, hilak 4) auzo horietara joateko Udalbus zerbitzua bertan behera laga behar izan zuten eta bestela ere arazo ugari izan zituzten Urkin, Amañan, Azitaingo industrialdean edo Unberako igoeran ibili ziren gidariek. Hori ikusita, eta eguraldia hobetu bitartean, udalak behin-behineko aparkalekuak prestatu ditu Txaltxa Zelaiko parkean eta Amañako pasealekuan, gidariek goiko auzoetara joatea saihesteko asmoz. Txonta auzoa, bestalde, eguazten arratsaldeko lehen orduetan argindar barik geratu zen, Iberdrolak arazoa konpontzea lortu zuen arte. Brigadako beharginak eta kaleak garbitzeko udalak kontratatu duen enpresakoek goizean goizetik horrelako arazoei aurre egiteko beharrean jardun zuten eta egunotan ere horretan dabiltza. Eta udalak elurrari aurre egiteko aholku eta bestelakoekin bandoa egin eta kaleetan ipini du, herritarrek irakurtzeko.
Hainbat jarduera bertan behera
Eguraldiak herri barruko zein inguruko errepideetan eragindako arazoak direla eta, aurreikusitako hainbat jarduera bertan behera geratzea eragin du: elurtea dela eta, besteak beste, gaur (eguena, hilak 5) Untzagan egitekoa zen Ikasenpresa azoka datorren asteko martitzenera, otsailaren 10era, atzeratzea erabaki dute. Azoka iragarrita zegoen ordutegi berean, 10.30etatik 13.30etara egingo da eta, aurreikusitakoari jarraituta, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 700 ikaslek hartuko dute parte. Horrekin batera, zapatuan Eibarko Gerra Zibilaren interpretazio zentrora iragarrita zegoen bisita gidatua bertan behera laga eta martxoaren 14an egingo dela eman dute aditzera. Eta udalak gaur eguerdian aditzera eman duenez, "eguraldi txarra dela eta, eta kanposantura joaten den jendearen segurtasuna zaintzearren", domekara arte bisitan doazenendako itxita egongo da. Hala ere, lurperatzeak betiko martxan egingo dituzte.