EH Bilduk auzi-bidera joko duela ohartarazi du, Udalak etxebizitza eta garajeen egoerari buruzko informaziorik eman ez diolako

Koalizioak ekainean eskatu zuen informazioa, eta Udalak sei eguneko epean erantzun behar zuela dio. Alderdiak salatu du lau hilabete igaro diren arren, ez duela erantzunik jaso.
EH Bilduk auzi-bidera joko duela ohartarazi du, Udalak etxebizitza eta garajeen egoerari buruzko informaziorik eman ez diolako
2026/10/14 11:24
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko EH Bilduk administrazioarekiko auzi-bidera joko duela ohartarazi du, Udalak ez diolako eman bere jabetzako etxebizitza eta garajeen egoerari buruz eskatutako informazioa. Koalizioak ekainean egin zuen eskaera, eta Udalak sei eguneko epean erantzun behar ziola dio. Lau hilabete igaro badira ere, ez du erantzunik jaso.

EH Bilduk udalaren higiezinen zerrenda Gipuzkoa Irekia atarian argitaratutako informazioarekin alderatu du, eta aldeak aurkitu ditu kopuruen artean. Gainera, atari horretako informazioa zehatzagoa dela dio; besteak beste, higiezinak hutsik edo okupatuta dauden zehazten du.

Horren harira, koalizioak udalaren ondare publikoaren kudeaketari buruzko azalpenak eskatu zituen ekainean. Besteak beste, Udalak zenbat etxebizitza eta garaje dituen, zertarako erabiltzen dituen, zenbat dauden hutsik edo errentan eta etxebizitzen esleipendunen egoera sozioekonomikoa eta haren bilakaera zein diren jakin nahi du. Halaber, etxebizitzen erabileraren jarraipena nola egiten den galdetu du.

«Finean, Udalaren jabetzako ondarearen egoera gaur egun zein den jakin nahi dugu, Udalak herritarrei zein udal taldeei informazio eguneratua eman behar diela uste baitugu», adierazi du koalizioak.

Informazioa eskuratzeko eskubidea

EH Bilduk azaldu duenez, uztailetik alkatearen esku dago eskaerari buruzko txostena. Koalizioak txostenaren inguruko azalpenak eskatu zizkion Jon Iraola alkateari uztaileko osoko bilkuran, baina urrian oraindik erantzunik ez dutela salatu du. «Iraola jauna, alkate jauna, noizko erantzuna?», galdetu du.

Koalizioaren iritziz, gardentasuna ez da informazioa atari batean argitaratzea soilik; informazio hori eguneratua eta osatua izatea eta udal taldeek kontrol-lana egiteko moduan eskuragarri egotea ere bada.

EH Bilduk ohartarazi du eskatutako informazioa epe laburrean jasotzen ez badu administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztuko duela. «Ez dugu bide judizialera joan nahi, baina udal gobernuak ez badu bere erantzukizuna betetzen eta eskatutako informazioa ematen, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztea izango da hurrengo urratsa», azaldu du.